Reala 0-1 Vila-real

Bufanda da babes bakar

Realak galdu egin du etxean, Vila-realen aurka. Bisitariek partida amaieran egin dute irabazteko gola. Azken hamar partidetatik bakarra irabazi dute donostiarrek

Vila-realek partida amaieran gola sartu, eta hiru puntuak eraman zituen Anoetatik. Irudian, horiak gola ospatzen, eta Mikel Merino burumakur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Gerardek (85. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Realeko Navasi, eta Oiartzabali; eta Vila-realeko Funes Moriri, Ekambiri, eta Iborrari. Bestelakoak. 20. 060 ikusle Anoetan.

Hotz egiten du Anoetan. Ez eraberritze lanek iparraldeko harmailik gabe daukatelako estadioa. Ez horregatik soilik, bederen. Europara sailkatzeko aukerarik gabe, ezer gutxi du jokoan Realak, eta ospela erabatekoa da zale txuri-urdinen artean. Ostegun iluntzez zelaira gerturatu ziren 20.060 zaleek gehiago egin zuten lepoan zeramaten bufandak ordezkatzen duenagatik, taldeak eskaini zezakeenean sinesteagatik baino. Sentimenduak dituzte babesleku bakar.

Aspaldian gatzik gabe dago Reala, eta atzoko partida horren adibide garbia izan zen. Sasoi guztia herrenka igaro duen aurkari baten aurka galdu egin zuen etxean. Okerrena, bisitariek ez zutela maila handiegirik eman. Jokalari txuri-urdinek onena urtea amaitzea dela onartu izanaren itxura ematen dute. Azken hamar partidetatik bakarra irabazi du Realak. Ez dirudi postu on baten bila ari den talde batek beharko lukeen gosea duenik.

Atzokoan ere, haginka egiteko asmo handiagoekin hasi zen aurkaria. Vila-realek sare bat osatu zuen neurketaren hasieran, eta amaraun horretan katigatuta geratu zen Reala. Bisitariek etenik gabeko presioa egin zieten donostiarrei, eta Imanol Alguacilen jokalariek ezin izan zituzten horiak gainetik kendu. Txuri-urdinek baloia hartu orduko gainera joaten zitzaizkien Vila-realeko jokalariak, eta horrek zaildu egin zien baloia atzetik jokatuta ateratzea. Rullirekin jokatzea beste irtenbiderik ez zuten aurkitu lehendabiziko minutuetan.

Ordu laurdena bete orduko hasi zen Reala pixkanaka zelaian nagusitzen. Vila-realen areara geroz eta gehiago gerturatzen hasi zen, baina inolako arriskurik sortu gabe. Egiaz, bi taldeak eskas aritu ziren erasoan, eta berdindua izan zen neurketa. Zelai erdian jazo zen lehen zatiko lehia apurra.

39. minutuan Willian Josek egindako errematea izan zen Realaren ordura arteko aukerarikgarbiena. Garbiena, eta bakarra. Hasi bezala amaitu zen lehen zatia, hutsean.

Atsedenaldiak ez zion kolorerik eman neurketari. Bi taldeek pattal ekin zioten jokoari, eta aukerak urriak izan ziren bi areatan. 55. minutuan Oiartzabalek eginiko erremate bat izan zen donostiarren aukera garbiena.

Ordutik aurrera, Alguacil entrenatzailea saiatu zen aldaketen bidez taldearen jokoa bizitzen, baina alferrik. Minutuek aurrera egin ahala Vila-realek gain hartu zuen pixkanaka, partidaren hondarrean gola sartu zuen arte. Gerardek ondo probestu zuen ukitu zuen baloi bakarra, eta bere taldearentzat urrearen pareko balioa izan dezakeen gol bat sartu zuen. Realzaleek txistuka agurtu zuten bere taldea. Lau partidaren faltan giroa hotz dago Donostian. Bufandak soilik babesten ditu zaleak, eta igande arratsaldean Getafe ariko da Anoetan. Eguraldiak berotuko al du taldeak ezin duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.