Osasunak ezustea eman nahi du gaur Real Madrilen zelaian

ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost urte. Horixe darama Osasunak Real Madrilen zelaian punturik urratu gabe. 2005-2006ko denboraldian 1-1 berdindu zuen, Iñaki Muñozen gol bati esker. Ordutik, porrotak kateatu ditu bata bestearen atzetik. Bada, bolada hori eten nahi du gaur Jagoba Arrasateren taldeak, Valdebebasen (21:00, Movistar La Liga).

Etxekoak bete betean daude Liga irabazteko borrokan. Baina asteazkenean Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulerako neurketa dute Londresen, Chelsearen zelaian, eta hori izan dezakete buruan. «Partida perfektua jokatu beharko dugu irabazteko, baina onenen aurka lehiatzeko gai garela erakutsi nahi dugu», adierazi zuen atzo Jagoba Arrasatek. Argi du zer-nolako partida egin behar duten horretarako: «Ez zaigu komeni joan-etorrian ibiltzea. Lasai jokatu behar dugu, fidagarri izan, eta ahalik eta jokalari gehienekin iritsi aurkariaren areara».

Ezusterik ezean, Aridane eta David Garcia hasierako hamaikakora itzuliko dira, Celtaren aurka atseden hartu eta gero. Zinedine Zidanek hutsune asko ditu: Sergio Ramos, Dani Carvajal, Lucas Vazquez eta Ferland Mendy. Gainera, baliteke txandakatzeak egitea eta Alvaro Odriozola eta Isco Alarcon hasieratik aritzea.

Eibar-Granadilla, Unben

Emakumezkoen ligan, Eibar da asteburuan ariko den talde bakarra. Realaren eta Athleticen partidak atzeratu egin dira. Txuri-urdinen taldean izandako COVID-19 kasuengatik. Athleticen kasuan, berriz, aurkariak, Bartzelonak, Txapeldunen Ligako finalerdietako lehia duelako.

Iker Dorronsororen taldeak Granadilla hartuko du gaur, Unben (11:00). Teknikaria baikor da. «Gol asko sartzen dituen talde bat da Granadilla, ausarta. Hala, atzean zuloak uzten ditu, eta hori aprobetxatu behar dugu». Taldearen egoera ere aztertu zuen. «Sasoi hasieran sinatuko genuke zazpi jardunaldiren faltan horrela egotea. Lasaitasunez, helburua lor dezakegula ziur nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.