Andoni Imaz.
Durangoko 56. Azoka. TXANDA HARTUTA

Azaletik

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Gauza batek atentzioa eman dit azken bi urteetako bideo deien ugaritze izugarrian; lanean, lagunartean, telebistan, toki guztietan nork bere etxean web kameraren aurrean posatzeko aukeratu dituen atzeko irudietan: uste baino jende gehiagok edukitzen du libururen bat tente, aurrez aurre, azal bistan, apalategitik salto egin ala ez erabakitzen ariko balitz bezala. Begiluzeoi lana errazteko asmoz, akaso. Litekeena da joera hori lehenagokoa izatea, baina nik azken boladan hainbat etxetara egindako bisita birtualetan izan dut haren berri.

Erakusnahiak zirikatuta zeharkatu ditut Durangoko Azokako erakusmahaiak, nik ere etxeko apalategian parez pare jartzeko moduko libururen baten bila. Nabarmendu egingo dena, azal eta mami. Apalean eskegitako artelan baten gisa funtzionatuko luke, adibidez, Aritz Galarragaren Gogoan dut liburuak (Pamiela). Denbora eman liteke Lucian Freud margolariak egindako erretratuari begira, gorputz horren gaineko marra bakoitzak adierazten duen emozioak harrapatuta. Pintzelkada are nabarmenagoa da Irune Izquierdok Maribel Aiertzaren Ezer ez da dirudiena (Elkar) ipuin liburuaren azalerako egin duen irudian. Margolan laranjatu bat sortu du, Van Goghen trazua imitatuz, haren paisaia bati gertu-gertutik begiratuko balio bezala.

Haren atzetik atera zait bidera Natalia Ginzburgen Familiako lexikoa (Igela), eta Miren Asiainek haren azalerako egindako ilustrazio ederra —argitaletxearen edizio berrituen diseinu guztiak bezalaxe, bestalde—. Ate ireki bat apalategiaren erdian, Giuseppe Leviren bulegoaren inguruko intimitatea ezagutzeko.

Etxe bat irudikatu du Koldo Atxagak Henry David Thoreauren Walden (Katakrak) liburu ezagunaren itzulpenaren azalean. Etxe bat, haritz hosto batean. Ikusi orduko barrena alaitzen dizuten ideia soil horietako bat. Molde horretakoa da Slavenka Drakulicen Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko (Txalaparta) saiakeraren azala ere, Esteban Montoriok egina, nahiz eta oso bestelako zirrara bat eragiten duen ikuslearengan.

Nagore Legarretak argazki txundigarri batekin jantzi du Itziar Ugarteren Gu gabe ere (Susa) poema liburuko azala: karretearen materialtasuna bistan dela, goitik behera ebakitzen duten koloretako orbanek ematen duten bizitasunarekin.

Ibilbide osoa eginda, kosta egiten da isiltzen, egia esateko, azal inpertsonal eta gatzgabeen ugaritasunaren inpresioa, liburugintzan oro har, eta argitaletxe batzuetan bereziki... Baina horiek sakoneko kontuak dira, eta, gaurkoz, nahiago dut azalean geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.