Martinez de Irujo 22. Retegi Bi 15

Finalerdietan izango da Irujo

Partidako lehen zatian ezinean aritu da iazko txapelduna, baina kasta atera du gero, eta azkenerako eroso irabazi dio Retegi Biri

Irujo horma bikoa egiten, atzo, Iruñeko Labriten, Retegi Bi atzean begira duela. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Iraupena. 42 minutu.

Pilotakadak. 197.

Sakez. Martinez de Irujok alerik ez, eta falta bat; Retegi Bik bost, eta bi falta.

Markagailua. 0-1, 3-1, 3-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-10, 11-10, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-14, 20-14, 20-15 eta 22-15.

Bestelakoak.Partida hasieran dirua Irujoren alde, 100-60ri. Irujok 18. tantoa egitean aldageletara jo zuen, legeak dion hiru minutuko atsedenaldia bertan igarotzeko. Epaile nagusiak utzi ez eta kantxara ateratzeko agindu zion.

Ondo sufrituta, baina lau t'erdiko txapelketako finalerdietan izango da iazko txapelduna: Juan Martinez de Irujo. Egiari zor, ez zeukan konpromiso ederra atzo, Iruñeko Labriten. Kaiolan dagoen espezialista handienetako baten aurka final-laurden klasikoa jokatu beharra baitzuen. Julen Retegiren kontra, hain zuzen. Baina ur handietatik ongi atera zen Iberokoa. Partidari ez zion nahi bezalako hasiera eman, eta atzetik nabarmen ere izan zen. Konfiantzarik gabe ageri zen gainera, lan erdiak arte. Baina txapeldunak zerbaitegatik dira txapeldun, eta bigarren zatian eginiko lan onari esker,22-15 irabazi zion Retegi Biri. Bada, lau onenetan izango da Aspeko pilotaria.

Partidako lehenbiziko tantoak nabarmen erakutsi zuen izerdia latz bota beharko zuela garaileak. 38 pilotakada jo zituzten, erritmo bizian guztiak, eta azkenerako airez amaitu zuen Retegik. Ederra izan zen. Tanto hark emandako lainezari esker-edo, gerora hobeto ibili zen eratsundarra. Jokoan gehiago zen, eta 3-7 aurreratzea lortu zuen. Dena egin zuen ongi. Ezker-eskuin bizi mugitu zuen pilota, eta erasokor jokatu. Sarritan leporatu izan zaio ausardia falta, baina atzo tanto politak eskaini zituen aurreko koadroetan.

Ordea, ustez arrats biribila izan zitekeena berak okertu zuen. Bakar-bakarrik. Egia da sakearen bitartez min handia egin ziola Irujori: bost tanto lortu zituen era horretan. Baina 7-8rako bi falta bazituen eginak. Bata motz eta bestea luze. «Sentitu dut gehiago nintzela jokoan eta irabaz nezakeela, baina sakean bi falta egiteak kondenatu egin nau. Lotuta aritu naiz bukaerara arte», aitortu zuen Retegik berak partida amaitutakoan. Eta Irujok opariak ez zituen alferrik galdu. Akatsak akats, Retegik hainbestean eutsi zion Irujori partida erdialdera arte, eta berdinketa ugari egon ziren: 11na, 12na, 13na eta 14na. Baina gero ihes egin zuen Iberokoak.

Sake-errematea baliatuta, nagusi izan zen. Abiadura bizian ibili zuen pilota, eta tanto motzak komeni zitzaizkiola jakitun, airera jokatu zuen bi aldiz pentsatu gabe. Asmatu zuen. Iaz ere txapela zergatik jantzi zuen argi eta garbi erakutsi zuen. Hori bai,20-13koan sakez falta egin zuen, eta horrek arnasa eman zion Retegiri. Dena den, eratsundarrak ez zuen partidari buelta emateko gaitasunik izan. Hala, partida biribila jokatu gabe, helburua bete zuen Irujok. «Gustura nago, baina badakit finalerdietan hobeto jokatu beharko dudala».

Beste biak, gaur eta bihar

Bada, finalerdietako beste bi sailkatuak gaur eta bihar geratuko dira zehaztuta. Bengoetxea VI.a eta Altuna III.a gaur ariko dira Atano III.ean. Amezketarrak aski du hamahiru tanto egitea sailkatzeko. Leitzarrak hori saihestu beharko du. Olaizola II.ak eta Artolak, berriz, bihar jokatuko dute Beotibarren. Goizuetarrak esku-eskura du sailkapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.