Lehen urratsa finalerako bidean

Manex Agirre gailendu da Arabako Txapelketako laugarren finalaurrekoan. Iñaki Viñaspre eta Peru Abarrategi geratu dira atzetik

Manex Agirre kantuan, atzo, Legution, atzean Iñaki Viñaspre duela. JUANAN RUIZ / RGAZKI PRESS.
Ane Zuazubiskar Iñarra.
Legutio
2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Saio bat nahi dut oroimenean/ geldituko zaizuena…/ Ta finalera pasatzeko ere/ balio dezakeena». Kantatu, eta egin. Manex Agirrek irabazi zuen Legution (Araba) atzo jokatu zen finalaurrekoa, eta Arabako Txapelketako finalean kantatzeko gertuago dago. Haren atzetik sailkatu ziren Iñaki Viñaspre (247,5), Peru Abarrategi (235,5), Iker Agirre (234), Felipe Zelaieta (233,5) eta Jon Ruiz de Pinedo (209)

Areto bildua zen Legutiokoa, txikia eta epela. Bete egin zuten zaleek, eta haiek gogobetetzeko gogoz igo ziren bertsolariak oholtzara. Hamarreko handian, eta eztabaidari tiraka hasi zuten saio puntuagarria bertsolariek. Martxoaren 8ko egitaraua osatzen ari ziren bi lagunen ahotik aritu ziren Ruiz de Pinedo eta Zelaieta. Herri bazkaria emakumeentzat soilik antolatu nahi zuen Zelaietak, eta horren aurka azaldu zen Ruiz de Pinedo. Lasai erantzun zion Zelaietak: «Bazkalostean pankarta atzean/ denok elkartuko gara». Bizilagunak ziren Viñaspre eta Iker Agirre, Viñaspreren alaba gorrarekin hitz egiteko, keinu hizkuntza ikasi zuen Agirrek, eta eskertzera joan zitzaion Viñaspre: «Gaur arte soilik zituen gertu/ andereño, aita ta ama/ haien mundua zabaltzea da/ gizarte osoaren lana». Umoretsu jarraitu zuen Agirrek «zeinu hizkuntzan igual gu ere/ hobeto ulertuko gara» kantatuta.

Zortziko txikiko ariketan gustura aritu ziren bertsolariak, eta ateraldiak txaloz eskertu zituzten entzuleek. Hamarreko txikian, Manex Agirrek eta Viñasprek osatu zuten bertsoaldirik politenetakoa, irakasle izateko oposizioak egiten ari ziren bi lagunen ahotik kantuan. Galdera baten erantzuna eskatu zion Viñasprek Agirreri, eta zorrotz ekin zion honek: «Institutura joan nahi/ klase ematera,/ ta itxuraz zu handik/ ez zara atera». Ironiari heldu, eta horrela jarraitu zuen Viñasprek: «Noizbaiten lagun ona/ izango bazara/ lehenengo konpartitzen/ ikasi behar da».

«Ez zenuen amets horretatik esnatu nahi, baina esnatu egin zara». Bertsolari bakoitzak bere bidea urratu zuen kartzelako gaiari kantatzeko. Efemeridea baliatu zuen Manex Agirrek, eta duela 41 urte Gasteizen poliziak hildako bost langileei kantatu zien: «Zein lo gozo ta epela…/ Nire ametsak hala zioen/ aitortza bat zegoela;/ lau hamarkada pasa ta gero/ justizia egin zela». Bigarren bertsoan biribildu zuen ariketa: «Izerditan blai esnatu eta/ laster ohartu naiz jada,/ izara artetik bizitzaraino/ joan zaidala begirada./ A zer-nolako pasada…/ Amesgaizto bat benetakoa/ jarri zait aurrean hara:/ begietatik bekarrak kendu/ ta banoa manifara». Txapelketako urduritasunari kantatu zion Viñasprek: «Baina halare etortzea/ ez da izaten kalteko./ Gustura egon naiz zuen/ txalo guztiak tarteko./ Txapelik ez baita behar/ txapelduna izateko».

Apirilaren 1ean jokatuko da 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, Gasteizko Printzipal antzokian. Finalaurrekoen lehen bi itzulietan puntu gehien eskuratzen duten lehen sei bertsolariak arituko dira txapela eskuratzeko lehian. Datorren larunbatean jokatuko da hurrengo finalaurrekoa, Laudion (Araba). Honako hauek izango dira kantuan: Ander Solozabal, Asier Rubio, Jagoba Apaolaza, Paula Amilburu, Rikardo Gonzalez de Durana eta Xabi Igoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.