'Herriko tabernen auzia'. Erreakzioak. BAIETZ LIBRE!

Libre izateko baldintzak

Karmelo Landa - Unibertsitateko irakaslea, 35/02 sententziak zigortua

2014ko uztailak 31
Heldu da 35/02 sumarioko sententzia, eta susmatzen genuena gertatu da: auzipetu gehienoi kartzela zigorra ezarri digute, eta ia herriko taberna guztiak jabeei, herritarrei, kendu. Aztertu berri dugu, taldean, abokatu adituen laguntzaz, ia 500 orrialde luzeko epaia, eta oinarrian gordetzen duena erabaki politiko edo are poliziala da. Duela hamalau urte polizia eta guardia zibil espainiarrek abiaturiko jazarpena, haien txosten nahasi eta guztiz gidatuetan zekarren eduki berbera aurki daiteke oraingo sententzia honen orrialdeetan, hitzez hitz, gehi azken hamarkadatan polizia talde bertsuek itsatsi dituzten berri guztiak. Denbora bitarte luze horretan polizia horien jazarpena pairatzea tokatu zaigunoi dena egiten zaigu ezagun. Epaiketa egunetan polizia haiek peritu bihurtuta entzun behar izan genuenean, dena zen errepikatua. Orain, sententzia deitu duten honetan berriro irakurri behar dugunean, dena astun.

Horrek dakarren ondorioa, hauxe: Polizia eta Guardia Zibila baldin badira jazarpenaren subjektuak, gero instrukzioaren egile faktikoak, beranduago epaiketan adituak eta, azkenik, sententziaren benetako idazleak, zertarako Audiencia Nacional deitzen duten epaitegi berezi horretako epaile, fiskal, idazkari eta gainontzekoen parafernalia guztia?

Erantzuna: jazarpen polizial hutsa dena zuritzen saiatu eta justiziaren arropaz janzteko. Alfer-alferrik kasu honetan, behintzat. Ezaguna denez, edozein sententziak duen egitura, oinarrian, bikoitza da; lehen atalean, auzipetu zehatzen aurkako gertaera frogatuak azaldu behar dira, eta bigarren atalean, ondorioetan, gertaera edo egintza horiek zigor kodearen arabera tipifikatu behar dira eta aurretiaz markaturiko zigor tipo zehatza ezarri auzipetu bakoitzari. Bada, kasu honetan, gertaera edo egintza frogatutzat aurkezten diren guzti-guztiak aktibitate politiko legal eta legitimoak baino ez dira. Baina bigarren atalean ezartzen zaien zigor tipoa zigor kodean 'terrorismo' tipifikazioan dakarrena da. Horrela, adibidez, prentsaurreko bat eskaintzea eta han politikaz aritzea, ¬ętalde terroristan integratua¬Ľ egoteagatik zigortzeko motibo bihurtzen dute sententzia honetan. Horren larri, horren zentzugabe.

Argi ikus daiteke, beraz, 35/02 sumarioko sententzia honek oinarrizko eskubide politiko eta zibilen praktika zigortzen duela kartzelaren bitartez eta herriko tabernak desjabetuz. Hain da argia ezen, hiruko epaimahaiko epaile batek boto partikularra ere idatzi duen, lotsak eraginda seguruenik, epaitu guzti-guztiak errugabeak garela azalduz. Baina ez du boto horrek balio, erabakiak balio du. Eta hemen dator galdera nagusia, kasu honetan zein beste askotan benetako gakoa dena: zergatik jokatzen du era horretan Audiencia Nacional horrek, edo haren gainetik daudekeen poliziaburu eta gobernuburuek ? Zergatik, orain eta hemen, epaitu eta zigortu nahi dute aktibitate zibil eta politiko libre eta demokratikoa? Zergatik tematu dira duela hamalau urteko arma, tresna eta jukutria bertsuekin 2014 honetan? Erantzuna: politika demokratikoaren beldur dira. Euskal Herrira etorkizun libre eta demokratikoa ekarriko dugunon proposamenak eta argudioak errefusatzeko modurik ez dutelako, erabakitzeko eskubidea dugula eta erabili egingo dugula agertzen dugunean, hori nola ukatu ez dakitelako. Arrazoi politikorik gabe, arrazoi juridikorik gabe, era horretako sententziak, kartzela zigorrak eta polizien jazarpena beste indarrik ez dutelako.

Geurea da arrazoia eta geurea izango da aukera. Libre izateko baldintzarik ez digute eskaini nahi, bistan denez. Geuk eskuratu behar ditugu libre izateko baldintzak Euskal Herri osoan, Estatu eredu propioa prestatuz, adostasunean eta zehaztasunean. Hori izango da, era honetako sententzien aurrean, gure benetako errekurtsoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna