Google tasa jarriko du Frantziak, baina ez ISFa

«Erraldoi digitalek badute dirua», argudiatu du Le Maire Finantza ministroak. Erregaien zerga ez emendatzeak 4.000 milioiko kostua du

Iker Aranburu -

2018ko abenduak 7
Protestei erantzun behar izateak hankaz gora jarri du Frantziako Gobernuaren zerga politika. Jaka Horiak baretzeko erregaien gaineko zerga ez emendatzeak esan nahi du 4.000 milioi euro gutxiago sartuko direla ogasunaren kutxetan. Dirutza horren zati bat Google tasa ezarrita beteko duela iragarri du Bruno Le Maire Finantza ministroak. Baztertu egin du, ordea, ISF aberastasunaren gaineko zerga berriz ezartzea.

Beren negozioa Internet bidez egiten duten enpresek oso zerga txikiak ordaintzen dituzte Europan, legezko trikimailuen bidez irabaziak ogasunei ezkutatu dizkietelako, eta paradisu fiskaletara desbideratu. «Erraldoi digitalek badute dirua, frantses kontsumitzaileei esker mozkin handiak eskuratzen dituzte, eta beste enpresek baino hamalau puntu gu- txiago ordaintzen dituzte [sozietate zergan]», azaldu zuen atzo Le Mairek, France 2 telebista katean.

Tasa digitala Europa osoan ezartzeko ahaleginetan aritu da azken urteetan Frantziako Gobernua, Alemaniaren, Italiaren, Erresuma Batuaren, Espainiaren eta Europako Batzordearen babesarekin. Bruselak proposamen zehatz bat ere egin zuen: royaltien ordainketarekin eta antzeko tresnekin enpresa digitalek irabazi ofizialak gutxitzeko gai direnez, diru sarrerak zergapetzea proposatu zuen. Zehazki, fakturazioaren %3 ordaintzea nahi zuen. Proposamen horrek ez du aurrera egin, Eskandinaviako herrialdeek eta Irlandak blokeatu dutelako.

EB osoan zerga edo tasa bat ezarri ahal izateko batasuneko kide guztien babesa derrigorrezkoa denez, Alemaniak eta Frantziak proposamen urardotua aurkeztu dute aste honetan. Internet bidezko operazio guztiak zergapetu beharrean —datuen salmenta, bitartekaritza...—, tasa bakarrik publizitatearen salmentari aplikatzea proposatu zuten.

Berlinek eta Parisek martxora arteko epea eman zieten EBko beste kideei adostasun bat lortzeko. Alemaniaren eta Frantziaren proposamen berriarekin, Googlek eta Facebookek bai ordaindu beharko lukete zerbait, baina ezer gutxi, aldiz, Amazonek, Applek eta Spotifyk.

EBn akordiorik ez badago, Frantziak bere kabuz Google tasa ezarriko duela agindu du Le Mairek. Espainiako Gobernuak ere horretarako asmoa du.

Defizit muga beteko du

Le Mairek, ordea, ziurtatu zuen ez dutela berrezarriko ISF aberastasunaren gaineko zerga, hori izan arren Jaka Horien eskakizunetako bat. Emmanuel Macronek boterera iristean hartu zuen lehen erabakietako bat izan zen, eta inbertitzaileak erakartzeko neurria izan zela argudiatu zuen; orduz gero, aberatsen presidentea goitizena entzun behar izan du.

Baliteke tasa digitala ez izatea Macronen azken mugimendua. 2019an defizit publikoa %2,8an uzteko konpromisoari eusten diotela nabarmendu zuen atzo Gerald Darmanin Ogasun ministroak. «Nire eginbeharra da aurrekontu publikoak ez okertzea, horrek esan nahi duelako etorkizunean frantziarren zergak emendatu egin beharko direla».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna