Jon Ander De la Hoz.
ANTXERRITIK

Kopatzarra eta purua

2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Estreinaldiaren atarian jasotako mezuetatik, azken-aurrekoa egin zitzaidan deigarriena: «Gaur egun handia diagu-eta. Eup!». Atxikita, bazkalondoko argazkia: gintonik bat eta purua, ogi papurrez betetako mahaian. Igorleak harritu ninduen gehien, sekula erretzen ikusi ez eta edanari grazia berezirik aurkitzen ez diotenetakoa denez gero. Itxuraz, trenpu oneko zegoen tipoa.

Adiskideak patxadatsu ekin zion ezohiko jarduerari, ondorioei erreparatu ere egin gabe. Gure taldeak, hein batean, tankerako aldartean abiatu zuen Bilborako bidaia. Ez dardara eta ez aiene, lasaitasuna nagusi furgonetetako eserlekuetan. Harritzekoa, kakapirriz jositako talde bat izateko.

Ziurrenik, zetorrenaren ezagutza eza izango zen kausa. Tripa-festako lagunak bezalaxe, alegia. Uretan egin beharrekoak ez zuen aparteko sekreturik. Betiko lanak ahalik eta modurik eraginkorrenean egitea zen xedea —egiari zor, uste baino hobeto egin ere—. Ordea, estropada amaitu orduko agerian geratu zen KAEtik Eusko Label ligara dagoen jauzia: tarte oso murritzak traineruen artean, eta lehia estua bezain gogorra. Goi mailako kirola.

Kiroletik harago, makina bat berritasun. Lehorreratzeko luzaro itxaron beharra, esaterako, patroirik onenaren elastikoa jasotzeko aukera zegoelako. Asteburuko emaitzekin, itxaron liteke bapo. Baita gintonikaren eta puruaren ordez, urarekin eta gatz mineralekin baldin bada ere. Irudipena dut gure estreinaldiak biharamun gozoagoa utzi duela, lagunarenak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.