Jon Ander De la Hoz.
ANTXERRITIK

Lehen bezala orain

2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Orain hamabi urte, klubeko fitxategi zaharrak zakarretara botatzea erabaki zuen zuzendaritzako kide batek. Eskerrak Eugenio diruzainak talentu handiagoa bazuela. Segituan deia: halako sakrilegioa egin aurretik jaso nitzala, jaungoikoaren izenean. Eske bati bestea gehitu zion, ordea: «Egunen batean bildumaren bat osatu beharko diagu. A, eta zer edo zer idazten baduk, hori gehiago».

Esan eta egin. Oso lantzean behingo zenbait iruzkin, libreta zahar batean bilduta. Santoñako kale txarrak batetik, Donibane Lohizuneko transatlantikoa bestetik. Azaleko anekdotak gehienak. Denborarekin, ahanzturan jausi ziren kaiera eta idazle sena.

Harik eta aurrekoan, zokomiran, koadernoa topatu nuen arte. Lehen begi kolpean jabetu nintzen: Lekeitioko estropadei buruzkoak ziren hainbat komentario.

Bezperetakoak, marmartiak. Kuadrillakoak sanignazioetara zihoazela eta zer nezesidade nuen nik arraunerako. Parrandari sekulako garrantzia emanaz; aukerak bakanak direla, eta halako txatxukeriak. Txatxukeriak, orain, denboraren talaiatik begiratuta.

Iruzkin onberagoak ziren itzulerako gehienak, emaitza ona eskuratu izanaren seinale. Olatu gaineko gozamenak bigarren mailan uzten duela beste guztia, eta abar. Mistikoegia akaso, baina idazteari berrekin beharko banio, halako zerbait jarriko nuke oraingoan ere. Nahiz eta aitortu behar dudan kuadrillakoek larunbatean egin zuten parranda ederrak sekulako inbidia eman zidala. Orduan bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.