Igor Susaeta.
Espainia. Gobernu krisia

Pedro Sanchezek babes bila jarraitzen du

2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
PSOEk aurkeztutako zentsura mozioaren harira, hauteskundeetara dei zezala eskatzen ari zitzaion Ciudadanos sozialistei. Eta PSOEk esan du baietz, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen kontrako zentzura mozioak aurrera egiten baldin badu, gainontzeko alderdiekin bozetarako egun bat negoziatzeko prest dagoela. Ciudadanosi, baina, ez zaio nahikoa iruditu, eta jakinarazi du hori aginduta ere ez duela babestuko etzi PSOEk hauspotutako zentsura mozioa baldin eta hautagaia Pedro Sanchez sozialisten idazkari nagusia bada. Ciudadanosentzat, hauteskundeetara bitarteko gobernuburuak «instrumentala» izan beharra dauka. Kontuan hartuta, beraz, Ciudadanosek ez duela intentziorik zentsura mozioa onartzeko, Sanchezek Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi subiranista nagusien, ERC Esquerra Republicanaren, PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanaren eta EAJ Eusko Alderdi Jeltzalearen babesa bildu beharko du zentsura mozioak aurrera egingo badu.

Sanchez bere alderdiko diputatuekin, senatariekin eta eurodiputatuekin batzartu zen atzo Madrilen, eta, zentsura mozioari begira, kongresuko gainontzeko alderdiekin telefonoz hitz egiten hasi dela iragarri zuen; baina soilik «kortesia parlamentarioagatik», ez ezer negoziatzeko asmoarekin. PSOEren Batzorde Federalak eskatu dio Sanchezi subiranistekin ez dezala ezer hitzar, ez diezaiela «kontzesiorik» egin haien babesa lortzearren.

Podemosek eta Compromisek babestuko dutela adierazia diote jada PSOEko idazkari nagusiari, baina Ciudadanosen diputatuen baiezko botorik gabe, 151 bilduko lituzkete sozialistek, eta 176, ganberaren gehiengoa osoa, behar da zentsura mozio bat onartzeko. ERCk bederatzi parlamentari dauzka, PDeCATek zortzi, eta EAJk bost. Horiek konbentzituko balitu, hortaz, 177 boto atera eta Sanchez Espainiako presidente bilakatuko litzateke.

Gertatzen dena da katalanek baldintza batzuk jarriko dizkiotela, nahiz eta oraindik ez duten horien berri eman. Bere aldetik, eta zentsura mozioaz galdetuta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo esan zuenez, Espainiako Gobernuaren buruzagitzan «edonor dagoela ere», Eusko Jaurlaritzak «leialtasunez» jokatuko du harekin.

Zentsura mozioak aurrera egiten ez baldin badu, Podemosek beste bat aurkezteko asmoa agertu zuen, atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.