Hori da lehia hasteko modua

Emozioz beterik itzuli da Berria Txapelketa. Intxurrek azken tantoan lortu du aurrera egitea

Zabala, Intxurreko gazte mailako aurrelaria, pilota jotzen, igandean jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon eskudero
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Bi urteko etenaren ondoren, erarik distiratsuenean abiatu da XVII. Berria Txapelketa, joan den asteburuan, Alegian (Gipuzkoa). Zozketak hala erabakita, Alegiako Intxurrek eta Ortuellako Danok Lagunak (Bizkaia) pilota elkarteek neurtu zituzten indarrak igandez estreinako kanporaketan, eta harmailetan bildu ziren pilotazaleek izan zuten non gozatua. Besteak beste emoziorik ez baitzen falta izan. Lehen bi partidak elkarte banak irabazi ondotik, nagusien artekoak erabaki zuen lehia, eta etxekoak nagusitu ziren, tanto bakar batez.

ALEGIA
Intxurre(Alegia) 2
Danok Lagunak (Ortuella) 1


Lau pilotariek egin zuten aski meritu hurrengo faserako sailkatzeko, baina azkenean Intxurrek eskuratu zuen helburua, eta Burlatako Zugarralde izango du aurkari lehen faseko kanporaketan, apirilaren 24an.

Jaialdiko lehen bi partidek ez zuten misterio handirik izan. Kadeteen mailan, Intxurreko Muruak eta Iturriozek 22 eta 1 irabazi zieten Danok Lagunak-eko Kortazar II.ari eta Lopez II.ari. Atzeko koadroetan nabarmen agindu zuen Iturriozek, baina Muruaren jokoa izan zen nabarmendu beharrekoa. Bere mailan aurrelaririk onenetakoa da Murua, ezker eta eskuin pilota bikain mugitzen du, eta haren presentzia hutsa aski izan zuten etxekoek lehen puntua lortzeko.

Gazteen mailan, beste aldera egin zuen txanponak. Izan ere, Danok Lagunak-eko Martinez eta Barandikak 22 eta 10 menderatu zituzten Intxurreko Zabala eta Onsalo. Urduritasunak albo batera utzita, partidari hobeto ekin zieten bizkaitarrek, eta ohartzerako 8-2 aurreratu ziren. Gerora, gipuzkoarren susperraldia etorri zen, eta 14-9ra hurbiltzea lortu zuten, baina jokoak ez zien gehiagorako eman. Barandika izan zen partidako onena, eta haren agintea bikain baliatu zuen aurreko koadroetan Martinezek. Bikote sendoa osatu zuten.

Nagusien artekoak erabaki zuen kanporaketa, eta Intxurreko Oiarbidek eta Irazustabarrenak tanto bakar batez irabazi zieten Danok Lagunak-eko Kortazarri eta Lopezi. Egiari zor, hutsune garrantzitsua izan zuen Intxurrek azken orduan, Zubeldia jokatu ezinda geratu baitzen. Oiarbidek hartu zuen haren tokia, eta presio horrek ez zion kalterik egin. Besteak beste, etxekoak 8 -2 aurreratu baitziren. Irazustabarrenak epelak eman zizkion pilotari eskuinez, eta Danok Lagunak-eko bikotea ezinean aritu zen. Ordea, pilotak apur bat gastatuz joan ziren heinean orekatu egin zen lehia. Lopezek, ohi bezala, sendotasun harrigarria erakutsi zuen, eta Kortazarrek ere behetik gora egin zuen nabarmen. Hamazazpina, hogeina eta hogeita bana egon zen partida, eta azkenean Inxurrek egin zuen azken tantoa. Irazustabarrena nekatu egin zen, eta Oiarbidek nortasuna erakutsi zuen unerik erabakigarrienean.

Asteburuan beste bi atariko jokatuko dira. Batetik, Adiskidek eta Amurriok neurtuko dituzte indarrak; eta, bestetik, Lagun Onak eta Herriarenelkarteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.