Arrauna

Orio bakarrik geratu da, lehia atzetik dela baliatuz

Bigarren bandera irabazi du Euskotren ligan, Donostian, hirugarren jardunaldian. Arraun suspertu egin da, eta Donostiarra azkena izan da

Nadeth Agirre, Orioko patroia, bandera astintzen atzo, taldekideak traineruan ospatzen ari diren bitartean. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Lehia estuagoa aurreikusten zen aurtengo Euskotren ligan, eta banderen borroka ireki egingo zelako ustea zegoen lehiaketa hasi aurretik. Usteak erdia ustel, oraingoz. Izan ere, lehiarik ez dago bandera eskuratzeko, Oriok eraman dituelako aurreneko biak: lehendabizikoa, aurreko asteburuan Coruñan (Galizia), eta bigarrena, atzo Donostian. Berdintasuna oriotarren atzetik dago, atzo Donostiako bi taldeek postuak trukatu zituztelako aurreko asteburuarekin alderatuta: Galizian, Donostiarrak bigarren egin zuen bi egunetan, eta Arraunek, laugarren; atzo, Arraun izan zen bigarren, eta Donostiarra laugarren. Hondarribiak hirugarren egin zuen atzo ere. Ondorioa argia da: bost puntu atzetik utzi du Oriok Donostiarra ligako lehian. Beste hiru taldeen lehiari etekina ateratzen ari da, baina hori egiteko, bada ezinbesteko baldintza bat: norberak irabaztea.

Baldintza petralak zituzten atzo arraunerako. Narrasa zegoen itsasoa, olatu zikinarekin haizearen eraginez. Ezin gozatu arraunean. Jakina da Donostiako eremua bihurria dela, eta atzoko baldintzek itsustu egin zuten. Kanporako txarra zegoen, eta barrurako ere ez zuen asko laguntzen. Orio joan zen lehen kalean, Donostiarra bigarrenean, Hondarribia hirugarrenean, eta Arraun laugarrenean. Haizea ipar-ekialdetik jotzen ari zenez, babes pixka bat bazuten lehen bi kaleek, eta Orio eta Donostiarra nabarmendu ziren aurrenekominutuetan. Arraun bi segundora zeukaten, eta Hondarribiak lau zeuzkan galduta ordurako. Luzeak aurrera egin ahala, Arraun Donostiarraren gainera joan zen, eta Hondarribia atzerago geratzen hasi zen. Bitartean, Oriok aldeak handitu zituen buruan, eta ziaboga bitartean, kolpe erabakigarria jo zien besteei. Traineruei buelta ematerakoan, zortzi segundora zeukan Arraun, bederatzira Donostiarra eta hamabira Hondarribia.

Arraun, oso ondo bueltan

Itsasoaren eta haizearen baldintzak egonkorrak izan balira, banderak jabea zuela esateko moduan izango ziren Donostian begira zeudenak, baina ez zen horrela. Trainerua gobernatzen ere lanak zituzten patroiek, eta edozein deskuidu gertatzeko ez zen asko behar.

Orio, hala ere, ondo moldatu zen bueltako luzean ere, azkenean Arraunek eta Hondarribiak aldea jan bazioten ere. Branka erakutsiz segitu zuen bigarren luzean ere, nahiz eta Arraun hiru segundora ere gerturatu zitzaion. Donostiako taldeak sekulako lana egin zuen ondo baino hobeto ezagutzen duen eremuan. Lau segundo baino ez zizkion atera Oriok azkenean, eta lau izan ziren Donostiako taldearen alde bueltako luzean. Hondarribiak aurrea hartu zion Donostiarrari bigarren luzean eta helmuga ere horrela gurutzatu zuten:ia bi segundo goitik Hondarribiko taldea Donostiako beste taldearen aurretik. Gaur dute Getxon laugarren jardunaldia (11:40).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.