SAIOA ITXI

Hasiera / Kultura

Literatura. 'Turista klasea'

Bidaia fisikoak, bidaia psikologikoak

Idazlea: Kattalin Miner. Argitaletxea: Susa.

Aiora Sampedro

2020ko abenduak 13
Moio saiakera argitaratu eta urtebetera Turista klasea lana ekarri digu Kattalin Minerrek. Bi-biak ere LGTBIQ+ borrokaren inguruan egituratuta daudela uler daiteke, aurrekoa trans bizitzei lotua, hau preso politikoei, eta, zeharka, queer bizitzei. Era berean, aurreko lanetik desberdintzen duten hiru ezaugarri aipatu beharko banitu: borrokaren transbertsalitatea, bidaiaren metafora eta gorputzaren anbibalentzia lirateke.

Bidaia. Idazle hernaniarraren fikziozko pertsonaia izan daitekeenak kontatzen du istorioa, lehen pertsonan, eta Parisen kartzelatua duen laguna bisitatzera egindako joan-etorrien berri ematen du. Izenburuak, beraz, lekualdatzeari egiten dio erreferentzia; eta, testu honen irakurleak dagoeneko antzemango duenez, paradoxa bilakatzen da eleberriaren edukiaren eta izenburuaren arteko harremana, narratzaileak, turista klasean bidaiatzen badu ere, turismoarekin inolako zerikusirik ez duen helburuz egiten baitu. Kontrapuntu gisa ageriko dira protagonistak treneko gainerako bidaideekin bizitako pasarteak. Begi ironikoz, pasarte ustez kostunbristak salbuespeneko egoeran egindako bidaiarekin alderatzen ditu Minerrek; horrela, oporretarako bidaian doan neskato adoleszenteak gurasoen kontra jaulkitzen dituen ozarkeriak narratzaileak unean sistema politiko-kartzelarioarekiko dituen pentsakizunen pareko ulertu daitezke. Baina-ren bat jartzearren, agian pixka bat bortxatua gertatzen da pasarte arin horien agerpena diskurtso politiko sendoa duen lanean.

Transbertsalitatea. Bidaiaren kontakizun lazgarriarekiko kontraposizioan, Parisen izandako bizipenek goxatuko dute narratzailearen esperientzia. Izan ere, bertan, Hego Ameriketatik emigratuta Frantziako hiriburuan bizi den queer talde bat ezagutuko du protagonistak; hainbeste ezagutu, ezen haien etxea ezinbesteko bisita bilakatuko baita kartzelara egindako bidaia bakoitzean. Horien eskutik agertuko dira borroken transbertsalitatea justifikatzen duten pasarteak; europar-zuri-dirudunak, egunerokoan hautematen ez dituen zapalkuntzak ezagutuko baititu bertatik bertara.

Gorputza. Lagun queer-ek gizartearen kontrol biopolitikoari aurre egiteagatik jasango dute bortxa, baina baita Minerren bikote fikzionalak ere, emakumearen gorputzean sufrituko du bortizkeria, Parisko kaleetan paseoan dabilela. Kartzelako lagunak ere, era berean, gorputzaren mugimendu askatasuna mugatua izango du kartzela barnean. Bestalde, gorputzekiko bortxa hori izango da lagun guztiak halabeharrez elkartuko dituena.

Esango nuke begiratu batean testu sinplea dirudiela, apaindura gehiegirik gabeko idazketan emandakoa eta irakurleari zuzen helarazten diona mezu nagusia, baina, irakurketan pixka bat sakontzean, zapalkuntza ugariak gurutzatzen asmatzeko egileak egin beharreko diskurtsoaren ariketa konplexuak testua aberasten du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.