Salvinik Italiako gobernu koalizioa hautsitzat jo du, eta bozak eskatu ditu

Legako liderrarentzat, Parlamentura jo beharra dago, «frogatzeko jada ez dugula gehiengorik». Di Maio M5Sko liderrak erantzun dio bozetara joateko «prest» dela

Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Batzuen zein besteen azken hilabeteotako adierazpenak aintzat hartuz gero, argi dago Italian gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdien, Legaren eta M5S Izar Mugimenduaren, arteko harremanak ez direla onenak. Erlazio horiei buruz galdetu zioten Matteo Salvini Lega eskuin muturreko liderrari duela hiru egun, eta «laster jakingo dugu», erantzun zuen. Herenegun, Senatuan, talka erabatekoa dela ikusi ahal izan zen, Turin (Italia) eta Lyon (Frantzia) lotu asmo dituen abiadura handiko trenaren proiektuari buruzko mozio batean ez baitziren ados jarri. Linea horren aurka dago M5S, Luigi Di Maio lehen ministrordearen alderdia. Salvini, Italiako beste lehen ministrordea, sutu egin zen. Atzo iluntzean zein asmo dituen jakinarazi zion Barne ministro ahalguztidunak Giuseppe Conte lehen ministroari: koalizioa hautsitzat jo zuen, eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu. «Jo dezagun berehala Parlamentura, frogatzeko jada ez dugula gehiengorik. Itzuli diezaiegun hitza hautesleei», nabarmendu zuen, ohar batean.

Di Maio «kastaren kontrako» alderdiaren liderrak segituan erreakzionatu zuen, eta nabarmendu zuen baietz, hauteskundeetara joateko «prest» daudela.«Boterea ez zaigu inoiz interesatu. Baina gauza bat argi dago: herrialdeari eta herritarrei adarra jotzen diezunean, lehenago edo geroago ordaindu egiten duzu». Halere, bozetara joan baino lehenago, bere aldarrietako bat onartu nahi du M5Sk Parlamentuan: diputatu eta senatari kopurua murriztea.

Turin-Lyon tren linea

Joan den urteko martxoaren 4an egin zituzten boz orokorrak Italian, eta Eskuineko Koalizioa nagusitu zen, bai Senatuan, baita Legebiltzarrean ere. Lega zen koalizio horretako alderdi nagusia. M5S izan zen bigarren indar bozkatuena bi ganberetan. Bi hilabete pasa negoziatzen igaro eta gero, maiatzaren 31n osatu zuten gobernua. Zerk lotzen dituen biak? Batetik, euroeszeptikoak direla. Eta bestetik, indar berri samarrak direla: Liga 1991n sortu zuten, eta M5S 2009an.

Hauteskundeak nahi ditu eskuin muturreko alderdiak, jakin badakielako gehiengoaren giltza duela. Batetik, joan den maiatzean egindako Europako Parlamenturako hauteskundeetan nagusitu ziren. Eta, bestetik, azken inkesten arabera, italiarren %36k bozkatuko lukete Salviniren alde.

Legak berak ohar bat kaleratu zuen, eta zehaztu zuen zertan ez datozen bat koalizioko kideekin: obra handietan, azpiegituretan, garapen ekonomikoan, zergen beherapenean, autonomien ezarpenean, justiziaren erreforman, eta EB Europako Batasunarekin eduki beharreko harremanean. Ez zuen migrazio politika aipatu. M5Sk ere migrazioaren kontrako Salviniren dekretuaren alde bozkatu zuen joan den astelehenean, Senatuan. Urak baretu zitezkeela zirudien, baina ez da hala izan.

Bi egun geroago, Turin eta Lyon arteko abiadura handiko tren linea geratzea —proiektua onartuta dago— eskatzen zuen mozio bat aztertzeko eskatu zuen Di Maiok. Eta orduan hartu zuen erabakia Salvinik.

Sergio Mattarella Italiako presidenteak, berriz, gobernuari eutsi nahi dio oraingoz, udazkenera arte behintzat, datorren urteko aurrekontuen lehen zirriborroa irailerako aurkeztu behar baitzaio EBri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.