Errusiako Munduko Kopa

Danimarkak eta Frantziak berdindu egin dute, eta biak sailkatu dira

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Danimarka 0-0 Frantzia

Peru 2-0 Australia

Golak. 1-0: Andre Carrillo (18. min); 2-0: Guerrero (50. min.).

Frantziak eta Danimarkak ez zieten ustekabeei tarterik eman atzo, eta biak eskutik sailkatu ziren final-zortzirenetako euren arteko partidan husna bukatu ondoren. Biei komeni zitzaien berdinketa, eta gustuko emaitza lortu zuten gatz gutxiko partida batean. Australia adi zen partida horretara, Danimarkak galduz gero sailkatzeko aukerak zituelako, baina ez zituen etxeko lanak egin. 2-0 galdu zuen Peruren aurka, eta multzoan egon zitezkeen susmo edo kexak ezerezean utzi zituen.

C multzoak esperotako bilakaera izan du: Frantziak bukatu du lehen postuan eta Danimarkak bigarren. Luzhniki estadioan bildu ziren zaleak berdinketa bat ikusteko prest joan ziren, eta huraxe ikusi zuten. Munduko Kopan egon den lehen husnako berdinketa. 37 partida behar izan dira emaitza hori aurrenekoz eman arte, inoizko kopururik altuena. Berdinketa, golik ez, eta gainera partida zozoa, hasieratik ikusi baitzen bi taldeei balio ziela emaitzak.

Australiaren eta Peruren arteko partida ordu berean hasi zen, Sotxin. Australiarrek begi bat zuten jarrita beste partidan, baina hasi eta gutxira murriztu zen azken jardunaldiko emozioa, 18.minutuan Andre Carrillok Peru aurretik jarri zuelako gol bikain batekin. Peruk ez zuen sailkatzeko aukerarik, baina ez zuen Munduko Kopatik esku hutsik joan nahi, ezta merezi ere, eta irabazteko asmoz irten zen.

Peruren lehen golak giroa are gehiago baretu zuen Frantzia eta Danimarkaren arteko partida, eta bigarrenak erabat lokartu zuen. Paolo Guerrero beteranoak sartu zuen, 50. minutuan. Lehen golean berak eman zion pasea Guerrerori, eta bigarrena berak sartu zuen. Zerbaitegatik da selekzioko izarra. Australiak, bere aldetik, irudi kaskarra eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.