Frantziako Tourra

Hasteko, ustekabeko handia

Mike Teunissen esprinter nagusiei gailendu zaie amaiera nahasi batean, eta Tourreko lehen liderra da. Faboritoen artean, erori egin dira Jakob Fuglsang eta Geraint Thomas

Hasteko, ustekabeko handia.
enaut agirrebengoa
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ez Peter Sagan (Bora), ez Elia Viviani (Deceuninck-Quick Step), ez Caleb Ewan (Lotto-Soudal); Mike Teunissen (Jumbo Visma) izan zen azkarrena atzo Frantziako Tourreko aurreneko etapan. Teorian, pentsaezina zen herbeheretarra garaipenaren lehian izatea, Dylan Groenewegenen esprint bideratzailea izaki. Ordea, taldeburua lurrera erori zen helmugarako kilometro eta erdi eskas falta zela, eta Teunissenek ez zuen aukera alferrik galdu. Indarraren bidetik irabazi zuen, eta hori da harrigarriena, ahalmenez esprinterrik onenak baino gehiago izatea. Azken metroetan lehia estua izan zuen Saganekin, eta ia helmugako marran gainditu zuen munduko txapeldun ohia.

Hortaz, tropeleko behargin bat izan zen protagonista lasterketa frantziarrak Eddy Merckx omendu zuen egunean. Bruselan hasi eta bukatu zen 194,5 kilometroko etapa, eta Teunissenen ezustekoaren aurretik, erorikoek bereganatu zuten arreta. Itzuli handietako lehen asteko arrisku nagusia izan ohi dira, eta ez dute gupidarik izaten liderrekin. Kolperik handiena Jakob Fuglsangek (Astana) hartu zuen. Hamazazpi kilometro gelditzen zirenean erori zen, eta min hartu zuen belaunean. Gainera, zauria ireki zitzaion bekainean, eta aurpegia odoleztatu zitzaion. Hasieran, lanak izan zituen taldekideen erritmoari eusteko, baina bere onera itzuli zen, eta tropelean bukatu zuen etapa. Ez dauka hausturarik.

Geraint Thomas (Ineos), ordea, atzeratuta iritsi zen. Groenewegenekin batera erori zen, lasterketa azken kilometroan sartzear zela. Ez zuen, beraz, denborarik galdu; eta, gainera, onik atera zen, hesi bat jo arren. Alegia, sustoa besterik ez zen izan iazko Tourrekoirabazlearentzat. Emanuel Buchmannek (Bora) ere urratu batzuk izan zituen soilik.

Aurrez, helmugatik 75 kilometrora egon zen tentsiorik handieneko momentua. Harbide zati bat zegoen tarteko esprint baten aurretik, eta erritmo bizia jarri zuen Borak. Tropela zatitu egin zen estutuaren ondorioz, eta moztuta gelditu ziren Viviani, Simon Yates (Mitchelton) eta Dan Martin (UAE). Horrez gain, ezerezean gelditu zen Mads Wurtz Schmidtek (Katusha), Natnael Berhanek (Cofidis) eta Xandro Meurissek (Wanty) osatutako ihesaldia. Ekaitzaren ostean barealdia etorri zen, eta ur lasaietan arrantzatzen saiatu zen Stephane Rossetto (Cofidis). Ahalegin ausarta egin zuen bakarka, baina, azkenean, ezin izan zuen tropelaren legea apurtu.

Helmugarako zortzi kilometro falta zirela harrapatu zuten frantziarra, esprinterren taldeen joari esker. Abiadura bizian zihoan tropela, eta errepidea zabala izan arren, tentsioak azken uneko erorikoa eragin zuen. Nahastu egin zen egoera, eta Sagani eskura jarri zitzaion garaipena. Michael Matthewsen (Sunweb) gurpila hartu, eta 200 metrora abiatu zuen esprinta. Ordea, luze egin zitzaion, eta azken orduan ezkerraldetik gainditu zuen Teunissenek. Hala, etapa eta lidergoa eskuratu zituen Jumbo-Vismako ziklistak. 30 urte ziren herbeheretar batek ez zuela Tourreko maillot horia janzten.

Gaur, taldekako erlojupekoa

Gaur zabalduko dira lehen aldeak hautagai nagusien artean, taldekako erlojupekoan. Gaur ere Bruselan egongo da irteerako eta helmugako marra, eta tartean, 27,6 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatu beharko dute ziklistek. Jumbo Visma izango da ateratzen azkeneko taldea, eta Ineos aurrenekoa. Preseski, Britainia Handiko taldea da saioa irabazteko faborito nagusienetakoa. Jonathan Castroviejo, Thomas eta Michal Kwiatkowski espezialistak ditu, eta gainontzeko txirrindulariak ere ondo moldatzen dira erlojuaren aurka. Jumbo-Vismak berak, Astanak, Sunwebek eta Deceuninck-Quick Stepek ere lan oso ona egin dezakete. Mikel Landaren Movistar modu duinean eusten saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.