Koronabirusa

Frantziako hainbat agintariren etxeak miatu dituzte, osasun kudeaketaren harira

«Ezbehar bati aurre ez egitearen» akusaziopean egiten ari dira ikerketa. Besteak beste, lehen ministro ohia eta Osasunekoa daude jomugan

Philippe Frantziako lehen ministro ohia, eta Veran Osasunekoa, maiatzean. EFE.
ander perez zala
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Olivier Veran Frantziako Osasun ministroaren, Jerome Salomon Osasuneko zuzendari orokorraren, Agnes Buzyn Osasun ministro ohiaren, Sibeth Ndiaye Frantziako Gobernuaren bozeramaile ohiaren eta Edouard Philippe lehen ministro ohiaren etxeak eta bulegoak miatu zituzten atzo goizean, pandemiaren kudeaketarekin zerikusia duen ikerketa baten harira. «Ezbehar bati ez aurre egitearen» akusaziopean, «arau hauste penalik» egin ote duten ala ez ikertzen ari dira; akusatuek bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso lezakete.

Hainbat lagun eta eragilek aurkeztu zituzten salaketak iragan hilabeteetan, tartean medikuak, abokatuak, presoak eta Koronabirusaren Biktimen Frantziako Elkartea. Kopurua esanguratsua da: denera 90 salaketa jaso zituen Errepublikaren Justizia Auzitegiak —Frantziako ministroak epaitzen ahal dituen auzitegi bakarra da—, eta, horiek guztiak aztertu ostean, bederatzi onartu zituen. Salatzaileek «osasun krisia gaizki kudeatu izana» leporatzen diete.

Miaketen harira, hiru salatzaileren abokatu Yassine Bouzrouk adierazi zuen horiek agerian utzi dutela «auzitegiaren independentzia»: «Espero dugu ikerketa hauek balioko dutela gobernuko kide batzuek ezbehar bati aurre egiteko izan duten abstentzioa frogatzeko».

Festa pribaturik ez

Osasun ministroa bera eta Jean Castex lehen ministroa eguerdi aldera atera ziren prentsaurrekora, baina, kasu horretan, bezperan Emmanuel Macron presidenteak jakinarazitako neurriez aritzeko. Macronek, bihartik aurrera, etxeratze agindua ezarri du Paris hiribururako eta beste zortzi metropolitarako, Frantziako Estatu osoa osasun larrialdira itzultzeaz gain. Horrez gain, Veranek eta Castexek adierazi zutenez, festa pribatuak debekatu egingo dituzte, eta jatetxeetara joatean izen-abizenak jakinarazi beharko dira, aztarnatze lanak errazteko.

France Info irratiari emandako elkarrizketa batean, Gabriel Attal gobernuaren eledunak gehitu zuen urtea amaitu baino lehen edo 2021 hasieran erabakiko dutela datorren urteko martxoko departamenduetako eta eskualdeetako bozei eutsiko dieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.