Errusiako Munduko Kopa

Frantzia sailkatu egin da, gertu du Danimarkak, zail Australiak eta ezinezko Peruk

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Frantzia 1-0 Peru

Gola. 1-0: Mbappek (34. min.).

Danimarka 1-1 Australia

Golak. 1-0: Eriksenek (7. min.). 1-1: Jedinakek, penaltiz (38. min.).

Frantziak egin du berea Munduko Kopako aurreneko ligaxkan: final-zortzirenetarako sailkatu da. Bi neurketa jokatu ditu, eta biak irabazi ditu. Lehen partidan, Australiari nagusitu zitzaion (2-1), eta atzo beste horrenbeste egin zuen Perurekin: 1-0. Multzoko beste partidan, bana egin zuten Danimarkak eta Australiak. Sailkapenean, frantziarrek sei puntu dituzte, Danimarkak lau, Australiak bat eta Peruk batere ez. Beraz, Frantzia ziur da final-zortzirenetan, eta Peruk jada ez du aukerarik sailkatzeko.

Frantziarrekin aurrera nork egingo duen eta multzoko lehen edo bigarren nor izango den falta da zehazteko. Danimarka-Frantzia eta Australia-Peru partidak jokatuko dira azken jardunaldian. Frantziarrek puntu bat behar dute lehenak izateko; danimarkarrek, puntu bat sailkatzeko eta hiru multzoburu izateko; eta australiarrek, kosta ahala kosta behar dituzte hiru puntuak aurrera egiteko. Irabazi ezean, danimarkarrak galduta ere egongo dira hurrengo fasean.

Frantzia final-zortzirenetan da, baina ezer gutxi erakutsi gabe jarraitzen du. Atzo, Australiaren aurka baino pixka bat hobeto aritu zen, baina inondik inora gandorra altxatzeko moduan. Mbappek sartu zuen partidako gol bakarra, 34. minutuan. Peru txukun aritu zen, baina eskas aritu zen ate aurrean.

Frantziak baino itxura eskasagoa eman zuen Danimarkak Australiaren aurka. Hasi eta berehala sartu zuen gola Eriksenek, eta bazirudien erraz irabaziko zuela. Baina Australiak gora egin zuen, eta lehen zatia amaitu aurretik Jedinakek banakoa egin zuen, penaltiz. Bigarren zatian australiarrak danimarkarrak baino gogo gehiagorekin jardun ziren, baina ez ziren gai izan gola sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.