Badajoz 3-1 Eibar

Egin ditu aurtengoak

Eibarrek galdu egin du Badajozen aurka, eta Espainiako Kopatik at laga du Bigarren B Mailako taldeak. Areatan egin du kale

Eibarreko Miguel Mari eta Badajozeko Gorka, atzo, lehian. JERO MORALES / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Badajoz. Garrantxo; Pablo Vazquez, Djak, Morgado, Bikoro; Fobi, Caballero Maestre, Guzman (Aquino, 66. min.); Alex Corredera (Portero, 90. min.) eta Gorka Santamaria (Candelas, 81. min.).

Eibar. Yoel; Correa (Tejero, 64. min.), Oliveira, Cubero (Exposito, 45. min.), Ekhi Bravo; Sergio Alvarez; Quique (Enrich, 75. min.), Cristoforo, Mari, De Blasis; Charles.

Golak. 1-0: Fobik (7. min.). 2-0: Alex Correderak, penaltiz (20. min.). 2-1: Charlesek, penaltiz (28. min.). 3-1: Pablo Vazquezek (72. min.)

Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Badajozeko Maestre eta Bikorori; eta Eibarreko Correa etaCristoforori.

Eibarrek kale egin zuen Badajozen, eta kanporatuta geratu da Espainiako Kopan. Ezin izan zion irabazi Bigarren B Mailako taldeari, eta bukatu zaizkio lehiaketa horretako partidak denboraldi honetan.

Defentsako lan kaskarrak kondenatu zuen taldea atzo, eta batez ere, ezker hegalean utzitako zuloek. Erasoan hainbestean aritu zen, eta izan zituen aukerak golak sartzeko, baina behin bakarrik asmatu zuen. Eraginkortasun ezak ere eragin handia izan zuen kaleratzean. Partidaren hasierak ez zuen iradoki, dena dela, azkenean izan zen emaitza. Ondo ekin zion partidari Eibarrek, bezperan Jose Luis Mendilibarrek eskatu zuen bezala: bizi eta erasokor, aurkariari Lehen Mailako taldea zein den erakusteko asmoz. Ia egin zuen gola aurreneko minutuan, De Blasisek atera zuen alboko falta batean, eta Fobik ia haren atean sartu zuen, buruz langara bota baitzuen baloia. Jarrera onararekin ari ziren Eibarreko jokalariek, eta alde horretatik, aitzakiarik ezin jarri.

Etxekoak, hala ere, arriskutsuak direla hasi ziren erakusten berehala. Baloia berreskuratu eta segituan saiatu ziren Yoelen atera gerturatzen, eta zazpigarren minutuan, ezker hegaletik eskuinera jokoa aldatu, eta erraz asko sartu zen handik Fobi hegaleko azkarra. Ondo gainditu zuen Yoel. Eibarrek hamalaugarren minutuan izan zuen berdintzeko aukera, baina Charlesen erremateari erantzun paregabea eman zion Garrantxo atezain donostiarrak.

Erraz antzean ari ziren bi taldeak erasoan, eta hemezortzigarren minutuan, alboko sake batetik abiatutako jokaldian, Caballerok ia egin zuen Badajozen bigarrena. Bi minutu geroago gertatu zen hori, Ekhi Bravok Fobiri egindako penaltia ondo gauzatu zuelako Alex Correderak. Maldan gora zeuzkan partida eta kanporaketa Eibarrek, eta gaitzerdi Charlesek pixka bat leundu zuela 28. minutuan, penaltiz. Atsedenaldira joan aurretik, etxekoek izan zituzten bi aukerak, eta bakarra Eibarrek Ekhik zerura bota zuen jaurtiketa batean.

Bigarren zatian ere Eibar gai izan zen erasoan gauzak sortzeko, baina Garrantxo ezin gaindituta ibili zen. Etxekoek, aldiz, 72. minutuan lortu zuten haren zelai erditik aurrera lehen aldiz jotzea, eta kornerra behartu. Pablo Vazquezek, lehen zutoinean eta bakarrik, hirugarren gola egin zuen buruz. Gero ez zen ezer aldatu, eta Badajoz da Bigarren B Mailako talde bakarra final-zortzirenetan. Gaur da zozketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.