Albistea entzun

Teresa Fernandez-Crespo. Antropologoa

«Megalitoetan sexu bazterketa zantzuak topatu ditugu»

Neolitoan ume eta andreak alboratuak zirela iradoki du antropologoak, trikuharrietako arrastoak aztertuta. Hurrengo pausoa, orduko elikaduraz eta mugikortasunaz gakoak ematea.
BERRIA

Juanma Gallego -

2015eko maiatzak 10

Teresa Fernandez-Crespo antropologoak (San Vicente de la Sonsierra, Errioxa, Espainia, 1983) Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza tesia egin zuen Neolito eta Kalkolito aroetan izan ziren hobiratze motei buruz. Orain Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Arkeologia eta Artearen Historiaren Ikerketarako Laborategian lanean ari da, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza ondoko ikertzaile modura. Berriki Concepcion de la Rua EHUko Antropologia Saileko katedradunarekin batera ikerketa bat plazaratu du Errioxan eta Arabako zazpi dolmenetan topatutako giza aztarnei buruz. Emaitzen arabera, eta arkeologiaren munduan gehien zabaldua dagoen ideiaren kontra, garai horretan ez zegoen sexuen arteko berdintasunik, eta lehen hierarkizazioa eta bazterketak hasi ziren.

Zein da argitaratu duzuen ikerketaren mamia?

Iradoki dugu trikuharrietan egindako ehorzketetan nahita egindako alborapen bat izan zela, hildakoen adina eta agian sexuaren arabera egina. Izan ere, megalitoetan aurkitu dugun osaketa demografikoa ez dator bat horrelako populazio arkaiko batean espero zitekeenarekin. Garaiko herriek populazioaren zati garrantzitsu bat alboratzen zuten: 5 urtetik beherakoen kasuan era ia sistematikoan izaten zen hori, baina baita hein handi batean emakumezkoen kasuan ere. Arkeologia tradizionalean hobiratze eremu horien erabilpen kolektiboa garai horretan zegoen berdintasunaren adibidetzat jo izan da sarritan, baina baliteke horrek gizarte horietan garatzen hasi zen hasierako hierarkizazio mota bat ezkutatzea.

Nola azaldu liteke bazterketa hori?

Azalpenetako bat izan liteke garaiko populazioaren barruan estatus ezberdinak bazirela, nahiz eta hori ez den, noski, aukeran dagoen argibide bakarra. Hipotesi hori onartzen badugu, baliteke gizartean maila apalagoa zutenak bestelako hobiratze estrukturetan sartu izana. Alegia, trikuharriek behar zuten bezainbeste eraikuntza eta mantentze lana eskatzen ez zuten estrukturetan lurperatzea, hala nola koba naturaletan, harkaitzetako aterpeetan edota lurrean zulatutako hobietan. Dena dela, gure ikerketak ezin du oraindik ezeztatu bestelako arrazoiak egotea ehortzitakoen hautespen hori azaltzeko.

Beraz, Neolitoa ez zen izan aro idiliko bat...

Ez bereziki. Are gehiago, badirudi Neolitoaren amaiera —Ebro ibaiaren Erdiko Haranean behintzat— konplexutasun handiko garaia izan zela: horren adierazgarri dira abeltzaintza eta nekazaritzan oinarrituko ekonomia indartzea, populazioak gora egitea, hasierako hierarkizazioa sortzen hastea, eta indarkeriaren zantzuak topatzea. Gaur egun Errioxak, Arabako Errioxak eta Nafarroaren hegoaldeak osatzen duten eremuan, garai hartako Iberiar penintsula osoan gezi puntaz eragindako zauri kontzentraziorik handiena topatu da.

Zuen emaitzekin bat datorren beste ikerketarik ba al dago?

Antropologian eta demografian oinarritutako antzeko ikerketak ez dira oso ugariak, ez Iberiar penintsulan, ezta Europan ere, eta, horregatik, megalitoen arteko konparazioa oso zaila izaten da. Hala ere, adibide batzuk ere badira: esaterako, Iberiar penintsulako goi lautadako trikuharrietan lurperatutako haurren arrastoak oso eskasak dira, eta gizonezkoenak, berriz, emakumezkoenak baino bizpahiru aldiz ugariagoak.

Orain, isotopo egonkorren analisian oinarritutako ikerlan bat egiten ari zara. Zertan datza?

Karbono eta nitrogeno isotopoen analisiaren bidez, gizarte horien paleodieta ezagutu nahi dugu. Ikerketa mota horrek, era sinple batean esanda, «jaten duguna ere bagara» esaldi ezagunean du abiapuntua. Gizakien zein animalia guztien gorputz ehuna osatzen duten oinarrizko unitateak bizitza osoan jandako elikagaietatik datoz. Hezurretatik kolagenoa atera, eta masa espektrometro baten bidez analizatzen dugu. Neurketa horiek baliatuz jakin daiteke elikadura hori zein proportziotan zetorren animalia eta landareetatik, baita haien jatorria itsasoan, ibaietan edota lurrean ote zegoen ere. Balio isotopiko horiek datu arkeologiko eta antropologikoekin osatzen ditugu: ehorztearen testuingurua, adina eta sexua. Horrela jakin dezakegu, adibidez, trikuharrietan eta leizeetan ehortzitakoen dietan desberdintasunik ote zegoen, emakumezkoek eta gizonezkoek berdin jaten ote zuten, edota umeek, behin edoskitzea bukatuta, helduek jaten zuten berbera ala bestelako elikadura propioa zuten.

Lanak jarraipenik izango al du?

Argitaratu dugun artikuluak galdera berriak zabaldu ditu trikuharrietan ehortzitakoak zeintzuk zirenei buruz, eta bestelako lekuetan ehortzitako lagunekiko zertan ziren desberdinak. Galdera hori, gainera, ez da erraz erantzungo ohiko metodo arkeologikoen bitartez. Behin paleodietari buruzko ikerketa horiek bukatuta, populazio haien mugikortasuna ikertzeari ekingo diogu, eta, horretarako, estrontzio isotopoen analisia egingo dugu, horiek aukera ematen baitute hilobiratzeetan kanpotik etorritako lagunak ote ziren jakiteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Labiren bileran, gaur. / ©Jon Usual, EFE

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia

Jon Ordoñez Garmendia - Paulo Ostolaza

Igandean libre izango da Hego Euskal Herrian mugitzea. Ostalaritzak 22:00ak arte irekita egon ahalko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Jaurlaritzak indargabetu egin ditu joko aretoei eta barneko kirol jarduerei zegozkien debekuak ere. Neurriak igandean jarriko dituzte indarrean.

Lekarozko lurretan, Aroztegia jauregiaren inguruan egin nahi dute makroproiektua. ©Andoni Canellada / FOKU

Aroztegiko proiektua bertan behera uzteko manifestazioa deitu dute hilaren 15erako

Berria

Elizondoko plazatik aterako da manifestazioa Landa eremua defenditu! Aroztegia gelditu lelopean. 

Tabernek aukera izanen dute 22:00ak arte irekitzeko. Irudian, Iruñeko taberna bat. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Zer aldatuko da igandetik aurrera?

Ion Orzaiz

Euskal Herria banatzen duten hiru eremu administratiboetan bide orri propioak ezarri dituzte, neurri murriztaileen arintzea kudeatzeko.

Langileak, gaur eguerdian zuloa agertu den inguruan ©EH Bildu Donostia

Beste zulo bat agertu da Donostiako metroaren obretan

Irati Urdalleta Lete

Kontxako kabinetan forjatuaren azpian agertu da zuloa. Euskal Trenbide Sarearen arabera, ez du haren egituran eraginik izan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.