Errusiako Munduko Kopa

Uruguaik nagusitasunez irabazi dio Errusiari, eta aurrena da

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Uruguai 3-0 Errusia

Golak. 1-0: Luis Suarezek (10. min.). 2-0:Txerixevek bere atean (23. min.). 3-0: Cavanik (90. min.).

Saudi Arabia 2-1 Egipto

Golak. 0-1: Salahk (22. min.). 1-1: Salmanek (45. min.). 2-1: Salemek (95. min).

Uruguaik konfiantzaz gainezka ekingo die final-zortzirenei. Ez da harritzekoa. Hiru partida jokatu ditu, eta hirurak irabazi. Bost gol sartu ditu, eta bakar bat ere ez diote sartu. Errusia izan da makurrarazi duen azken aurkaria. 3-0 irabazi zion atzo Samaran ligaxkako azken partidan, eta, horri esker, ziurtatu egin zuen A multzoko lehena izatea. Etxeko selekzioak ere horixe nahi zuen, baina bigarren izatearekin konformatu beharko du azkenean.

Uruguaitarrek kolpe batez eten zuten etxekoen bide bikaina. Aukerarik ere ez zieten eman. Hamargarren minuturako, lehen gola sartua zuen Luis Suarezek, eta, 23. minuturako, bere atean sartua zuen gola Txerixevek. Hori gutxi ez, eta lehen zatia amaitu aurretik epaileak Smolnikov kanporatu zuen. Bigarren zati osoa falta zen jokatzeko, baina ia erabakita zegoen lehia. Bi gol aurretik, eta jokalari bat gehiago. Oso zaila zirudien Uruguaik halako abantaila ez aprobetxatzea.

Eskasa izan zen bigarren zatia, eta jokoak behera egin zuen. Errusiak ez zuen erakutsi suspertzeko gaitasunik. Are gehiago, selekzioren bat nagusi izan bazen, hori Uruguai izan zen. Hala, partida amaitzear zela, Cavanik hirugarren gola sartu zuen.

Multzoko beste partidan, Saudi Arabiak 2-1 hartu zuen mendean Egipto. Afrikarrek ondo ekin zioten, Salahk gola sartu baitzuen 22. minutuan. Saudi Arabiak gertu izan zuen berdinketa, baina Fahad Al-Muwalladek penaltia huts egin zuen, 41. minutuan. Bost minutu geroago, ordea, ez zuen huts egin Salman Al-Farajek 11 metrotik. Bigarren zatia lehiatua izan zen, eta bazirudien bana bukatuko zela partida, baina Salem Al-Dawsarik bigarren gola sartu zuen 95. minutuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.