Fenerbahce 96-87 Baskonia

Adorea ez du galdu

Baskonia ondo lehiatu da Istanbulen, hutsune ugariei aurre eginez, baina freskotasuna falta izan zaio Fenerbahce etxean garaitzeko

Shavon Shields Baskoniako jokalaria, uztaiaren atzeko aldetik saskiratzen saiatzen, atzoko partidan. TOLGA BOZOGLU / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Fenerbahce. Muhammed (6), Erick

Green (2), Datome (13), Melli (19), Vesely (15) —hasierako bostekoa—,Kalinic (5), Sloukas (13), Guduric (14), Duverioglu (6) eta Lauvergne (3).

Kirolbet Baskonia. Huertas (6), Janning (10),

Shields (22), Voigtmann (7), Poirier (15)—hasierako bostekoa—, Vildoza (11), Gonzalez, Diop (5) eta Hilliard (11).

Markagailua. 27-25, 48-41; 75-65 eta 96-87. Epaileak. Lamonica, Ryzhyk (Ucrania)Gytis

Vilius. Mellli (40. min.) Fenerbahcekoa eta Poirier (40.min.) Baskoniakoa kanporatu dituzte faltengatik. Bestelakoak. 11.230 ikusle, Ulker Sports Istanbulgo pabiloian.

Velimir Perasovicek partidaren amaieran ez zuen oso argi izango jokalariei errieta egin behar zien edo zoriontzea komeni zen. Porrotek, berez, entrenatzaileak sutzen dituzte, eta kroaziarra odol berokoa da. Atzo, baina, Istanbulen, jokalariek euren onena eman zuten, eta Xengelia, Garino eta Grangerren hutsuneak izan arren, hortzak erakutsi zizkieten Fenerbahceri. Hirugarren laurdenean 21 puntugatik galtzen joan ondoren, bakarrera gerturatu ziren azkenekoan, eta, etxekoek berriz ere azeleragailua zapaldu zutenean, erregairik gabe gelditu ziren haiei jarraitzeko.

Porrotak kanporaketa postuetatik atera du Baskonia. Garaipen batera ditu orain, baina Euroligari nola ekin zion ikusita, ezin da dramatzat hartu. Atzo, gainera, liga hasieran ilun samar aritu diren jokalari batzuek pausoa eman zuten aurrera, hiruk bereziki: Hilliardek, 11 puntu; Voigtmannek, zazpi puntu, 11 errebote eta bost asistentzia; eta Shieldsek, 22 puntu. Lesioek duten gauza on bakarra hori da, beste jokalariak aukera berriak baliatu ditzaketela. Eta Baskoniak hori behar du, kostata fitxatuko baititu punta-puntako ordezkoak.

Istanbulen, nabaritu zituen hutsuneak, baina batez ere aurkariaren maila pairatu zuen. Fenerbahce titulurako hautagai da, eta erritmo oso bizia ezarri zuen. Lehen bi laurdenetan, hainbestean eutsi zion Gasteizko taldeak (27-25 eta 48-41), baina, hirugarrenean, etxekoek ihes egin zuten. Egun oso ona izan zuten jaurtiketan, eta hamabost hiruko sartu zituzten (%57). Eskumutur finei esker, 21 punturen tartea ireki zuten lau minutuan (69-48, 24.min.).

Partidak erabakita zirudien, baina Baskoniak jokalariak galdu ditu lesioekin, ez adorea. Aldapa gorako bideari ekin zion, fede handiz, eta apurka tartea murriztu zuen. Laurdenaren amaieran 75-64 ziren, eta 34. minutuan puntu bateraino hurreratu zen Shieldsen hiruko batekin (80-79). Fenerbahcek, dena den, susperraldia elikatu zuen defentsarako jarrera eskasarekin.

Miraria zilegi zen, baina oso zaila. Fenerbahceri oraindik beste abiada bat gelditzen zitzaion, eta Baskonia arnasestuka zegoen. Krisi une horretan, Marco Guduric agertu zen, eta jokalariek Zeljko Obradovicek aurpegiko kolore gorria argitu zuten 8-0eko partzial batekin. Baskoniaren ahaleginak, gutxienez, konfiantza hartzeko balioko dio taldeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.