Obradoiro 79-92 Baskonia

Xengeliak gidatuta

Baskoniak hamahiru punturen aldeaz irabazi du Obradoiroren pabiloian. Tornike Xengelia kapitainak 29 puntu sartu ditu

Tornike Xengelia Baskoniakoa, saskiratze bat egiten ahalegintzen atzoko partidan. XOAN REY / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Obradoiro. Kravic (17), Magee (8), Brodziansky (8), Muñoz (14), Pozas (4) —hasierako bostekoa— ; Calloway (3), De Zeeuw (3), Spires (2), Font (4), Daum (10) eta Czerapowicz (6).

Baskonia. Vildoza (8), Janning (11), Shields (7), Xengelia (29), Fall (2) —hasierako bostekoa— ; Dip (4), Stauskas (6), Garino (12), Polonara (2) eta Eric (11).

Markagailua. 17-22;36-43 —atsedenaldian—59-71;79-.92.Epaileak. Conde Serrano eta Zamorano. Ez dute inor kanporatu. Bestelakoak. 4.675 ikusle bildu dira Fontes do Sar pabiloian.

Real Madrilen eta Armani Milanen aurka galdu ostean, aste gogorra igaro du Kirolbet Baskoniak. Baina, gutxienez, amaiera gozoa eman zion atzo, Obradoirori hamahiru punturen aldeaz irabazi baitzion ACB ligan: 79-92. Tornike Xengeleia izan zen arabarren itsasargia. Neurketa biribila jokatu zuen, eta ligan inoiz lortutako puntu kopururik handiena erdietsi zuen: 29.

Georgiako pibota zerbaitegatik da taldeko kapitaina, eta Euroligako jokalaririk baliotsuenetan bigarrena sasoi honetan. Atzo beste behin ikusi zen Baskoniaren jokoak beste itxura bat duela hura ondo dabilenean. Ostegunean, Milanen kontra, ez zuen jokatu ahal duen bezain ondo, eta Perasovicen taldeak galdu egin zuen; atzo, ordea, oso bestelakoak izan ziren gauzak.

Lehen laurdenetik ikusi zen Xengeliak alde zituela gauzak atzo. Izan ere, lehen laurdena amaitzeko txirrina jotzear zela, zelai erditik hiruko jaurtiketa ikusgarri bat sartu zuen. 17-22 amaitu ziren lehen hamar minutu horiek.

Bi taldeek jokoan funtsezkoak duten jokalari bana falta zuten: etxekoek Kostas Vasiliedis hegalekoa, eta Baskoniak Pierria Henry joko antolatzailea. Henryk min hartu zuen orkatilan ostegunean, eta ez da erabat osatu. Bai lehen laurdenean, bai gero ere, Obradoirok antzeman egin zuen Vasiliadisen hutsunea, batez ere erasoan egiten duen puntu ekarpenarengatik.

Hala, bigarren laurdenean arabarrak tartea handituz joan ziren, bizi jokaturik. Hamar punturen aldea lortu zuten hala. Baina etxekoak ez zeuden amore emateko prest, eta, Dejan Kraviceken ekarpenari esker, aldea zertxobait gutxitu zuten aldageletara joan aurretik: 36-43.

Obradoiro jaitsiera postuetan da, eta jakitun dago etxean partidak irabaztea izango dela zulotik ateratzeko gakoetako bat. Hori dela eta, hirugarren laurdenaren hasieran azeleragailua zapaldu zuen, eta puntu bakarrera jarri zen: 48-49, hain zuen.

Baskoniak esnatu beharra zuen, eta Patricio Garinoren eskutik esnatu zen. Asmatu edo ez, argentinarrak sen lehiakorra du, eta, taldeari eman zion bizitasunari esker, 11-0eko partzial bat lortu zuen. 48-49tik 48-60ra pasatu zen neurketa. Irabazteko giltza izan zen, abantailak lasaitasuna eman baitzion Baskoniari, eta erasoan duen ahalmena erakutsi zuen. Hirugarren laurden hori Matt Janningek itxi zuen hiruko batekin.

Azken hamar minutuei hamabi puntuz aurretik ekin zien Perasovicen taldeak: 59-71, eta hamabostera ere iritsi zen: 61-76.Historia gutxi izan zuten azken minutuek, etxekoak etsita aritu baitziren, eta Baskoniak indarrak gorde zituen.

Velimir Perasovicek garrantzi handia eman zion irabazi izanari. «Behar genuen. Une erabakigarrietan pazientziaz jokatzen jakin dugu, eta jokaldiak lantzen. Hor egon da gakoetako bat». Gauza txarren artean, hirugarren laurdenaren hasieran izandako txakalaldia aipatu zuen. «Bizitasun txikiagoz aritu gara». Teknikariak, gainera, jakinarazi zuen ez dakitela Henryk ostegunean Maccabiren aurka jokatu ahal izango duen: «Oraindik herrenka dabil».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.