CSKA Mosku 94-90 Kirolbet Baskonia

Hirukoetan galdu du

Baskoniak ez du ezustekorik eman CSKAren kantxan, baina itxura hobetu du. Kanpoko lerroko jaurtiketetan egin du aldea CSKAk

Shengelia saskiratzeko ahaleginean, atzo, Eric taldekidearen eta Kufos CSKA pibotaren aurrean. SERGEI ILNITSKY / EFE.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
CSKA Mosku. James (33), Hilliard (14), Kurbanov (4), Voigtmann (10), Hines (4)—hasierako boskotea—, Bolomboy (3), Antonov (4), Vorontsevitx , Hackett (4), Sant-Roos (6), Kufos (6) eta Baker (6).

Kirolbet Baskonia. Henry (18), Janning (12), Shields (11), Xengelia (12), Eric (9) —hasierako boskotea—, Penava, Gonzalez, Diop, Garcia, Fall (19), Stauskas (9) eta Polonara.

Markagailua. 27-25, 52-46 (atsedenaldian); 75-58 eta 94-90.

Epaileak. Lottermoser, Rocha eta Dragojevic. ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 6.587 ikusle Moskuko Megasport pabiloian.

Europako kantxarik zailenetakoan galdu zuen atzo Baskoniak, CSKA Moskuren etxean, baina bi egun lehenago San Petersburgon (Errusia) emandako irudia garbituta itzuliko da Gasteizera, iazko Euroligako irabazlea estutzeko gai izan baitzen. Hiruko lerroko jaurtiketek ezarri zuten aldea, errusiarrak fin ibili baitziren, eta arabarrak, berriz, ez.

Baskoniak zenbait akats txukundu zituen atzoko partidan; errate baterako, aurten gaitz endemiko bihurtu diren baloi galerena. Errebotean, gainera, nagusitu egin zitzaion CSKAri (32-36), Youssoupha Fallen eta Pierria Henryren lan onari esker —hamar hartu zituen Fallek, eta bederatzi Henryk—. Biko jaurtiketetan ere CSKAk baino estatistika hobea izan zuen, baina hirukoetan kamuts ibili zen, 22 jaurtiketatatik bakarrik zazpi asmatuta; errusiarrek, ordea, 26tik hamahiru saskiratu zituzten.

Lehenbiziko laurdeneko minutu gehienetan Baskonia aitzinetik egon zen markagailuan, 12-21eko aldea lortzeraino. Etxekoek, ordea, 15-2ko partzial batekin buelta eman zioten markagailuari, eta 27-25 aitzinetik bukatu zuten lehen hamar minutuetan. Baskonia azkenekoz bigarren laurdenaren hasieran lortu zuen aitzinetik paratzea (31-32), baina CSKAk segidan eman zion buelta, eta hirugarren laurdenean guztiz handitu zuen aldea.

Fall kantxatik kanpo egon zenean izan zen hori. Azken laurdenaren lehenbiziko erdian lortu zuten errusiarrek alderik handiena, hemeretzi puntukoa (86-67), baina pibot frantziarra kantxara itzulita, Matt Janningen eskumuturrak partida osoan izan ez zuen beroaldia hartuta, eta CSKAri konfiantzak gainezka egin ziola baliatuta, 0-12ko partzial batekin 88-83raino hurbildu ziren gasteiztarrak, minutu baten faltan. Emozioa eman zioten partida bukaerari, baina denbora gutxiegi gelditu zitzaien. 94-90 bukatu zen. Mike James CSKAko joko antolatzailea izan zen partidako onena, 33 puntu sartuta. Fallek hemeretzi egin zituen, eta Henryk, berriz, hemezortzi. Euroligako 20. jardunaldia bukatuta, Baskoniak gero eta urrutiago ditu kanporaketetarako postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.