Errusiako Munduko Kopa

Portugal eta Espainia ondo kostata igo dira B multzoko burura

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Portugal 1-0 Maroko

Gola. Cristiano Ronaldok (4. min.).

Iran 0-1 Espainia

Gola. Diego Costak (54. min.).

Espainiak eta Portugalek lehen faseko bigarren jardunaldiko partidak irabazi zituzten atzo, eta orain berdinduta daude B multzoko lehen postuan. Biak faborito garbiak izan arren, ondo kostata nagusitu zitzaizkien Irani (1-0) eta Marokori (1-0), hurrenez hurren. Gauzak hala, azken jardunaldian erabakiko da zein selekziok egingo duten aurrera, hori bai, Marokok dagoeneko ez du sailkatzeko inolako aukerarik.

Espainia Munduko Kopa irabazteko hautagaietako bat da, baina lehen bi partidetan ahulezia erakutsi du atzeko lerroan. Atzo Iran baino gehiago izan zen, eta aukera asko izan zituen, baina gorriak ikusi zituen aurkariek altxa zuten harresian arrakalak aurkitzeko. Lehen zatian bereziki etsigarria izan zen Iranen hautu taktikoa. Gola, bigarren zatian iritsi zen, eta Diego Costak zorte pixka bat izan zuen jokaldi bizi batean (54. min.). Irango atzelari bat baloia urruntzen saiatu zen, eta aurrelariaren hankan jo ondoren atean sartu zen. Hortik aurrera Iranek gora egin, eta hiru aldiz ikaratu zuen Espainia kontraerasoan. Bi aukera on izan zituen, eta epaileak asmatu egin zuen gol bat baliogabetu zionean. Dena den, eta sustoak susto, Espainiak merezita irabazi zuen.

Portugalek ere emaitza bera lortu zuen Marokoren aurka. Cristiano Ronaldok partida hasi eta berehala sartu zuen gola, buruz, korner batean (4.min.), eta Portugalek partida osoan eutsi zion aldeari. Kolpeak ez zuen Maroko abaildu, eta gustura hartu zuen baloia erasora egiteko. Portugalek, berriz, bi pauso eman zituen atzera eta Marokok hobea izan zen, baina atearekin asmatu gabe. Ronaldok atzo aurkariaren elastikoa jantzi izan balu, Marokok eroso irabaziko zukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.