Fenerbahce 87-80 Kirolbet Baskonia

Serio jokatuta ere, ezinezko

Baskoniak partida serioa jokatu du Fenerbahceren pabiloian, baina galdu egin du. Nando de Colok 39 puntu sartu ditu, eta Perasovicen taldearen borrero izan da

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Fenerbahce. Westermann (3), Mahmutoglu, Sloukas (6), Williams (4), Duverioglu (4) — hasierako bostekoa— ;Tirpanci (), Kalinic (7), Biberovic, De Colo (39), Vesely (9), Muhhamed (7), Datome (8), eta Stimac.

Baskonia. Henry (15), Stauskas (2), Shields (), Xengelia (18), Eric (4) — hasierako bostekoa— ;Vildoza (3), Janning (6), Diop, Fall, Garino (5) eta Polonara (10).

Markagailua. 22-22, 39-36 (atsedenaldian) 63-58 eta 87-80.

Epaileak. Bolatauzer, Paterico eta Vilius. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 10.201 ikusle Ulker Arena pabiloian

Baskoniak emaitza bolada txarrean segitzen du. Atzokoan, Euroligako ligaxkako hirugarren jardunaldian, partida serioa jokatu zuen Fenerbahce ahaltsuaren pabiloian. Ondo lehiatu zen minutu askotan, eta adorea ere erakutsi zuen. Azken laurdenean puntu bat zen atzetik, eta azken bost minutuak arte partida irabazteko aukera izan zuen. Baina ez zen nahikoa izan. Une erabakigarrietan akats inozoak egin zituen, eta 87-80 galdu zuen. Hala, ligaxkan jokatutako hiru partidetatik—denak Buesa Arenatik urrun—bakarra irabazi du.

Etxekoek ez zuten partida ona egin, baina goi mailako jokalariak ditu, eta atzo sasoi honetan egin duten fitxaketarik distiratsuena agertu zen: Nando de Colo. Frantziako joko antolatzaileak 39 puntu sartu zituen, eta arabarren borrero izan zen. Hala, ACB ligaren eta Euroligaren artean lau porrot kateatu ditu Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldeak, eta atzo emandako itxura onak krisi hotsak apur bat uxatu dituen arren, hor segitzen dute. Hobe dute, beraz, etzi Betisi irabazi ligan, Buesa Arenako pabiloiko bulego nagusian pazientzia gutxi izaten baita halakoetan.

Lehen bi laurden on jokatu zituen Baskoniak. Defentsan serio, eta erasoan Shavon Shieldsen eta Tornike Xengeliaren ekarpena baliatuz. Lehen bi jardunaldietan galdu eta gero, Turkiako taldeak ezinbestean behar zuen garaipena, baina atzokoan ere ez zuen lehen zati ona jokatu. Talentua soberan du ordea. Zelko Obradovicek ez zuen hasierako bostekoan atera De Colo, baina hiru minutu baino ez ziren pasatu aulkira begiratu, eta irteteko agindu zionerako. Frantziarrak partidako aginte makila hartu zuen, eta ez zuen amaiera arte utzi. Nahi zuen erritmoa jarri zion norgehiagokari, eta nonnahi aurkitu zituen zuloak Baskoniaren defentsan. Halako jokalariek eguna dutenean, ondo zainduta ere, ia ezinezkoa izaten da geratzea, eta atzokoan horietako bat izan zen. Lehen zatian Fenerbahcek sartu zituen 39 puntutik 22 sartu zituen. Hura kantxan zenean turkiarren jokoa beste bat zen. Baskoniak izan zuen aukera lehen zati horretan partida hausteko, baina ez zuen lortu, eta atsedenaldian 39-36 ziren aurretik etxekoak.

Hirugarren laurdena parekatua hasi zen, baina hura amaitzeko hiru minutu falta zirenean, Fenerbahcek 7-0eko partzial bat lortu zuen, eta 57-49 aurreratu zen. Hortik aurrera, Baskonia kontrakarrean aritu zen, eta argitasuna galdu zuen erasoan. Izaera borrokalaria atera zuen, eta Fenerbahce 11 puntu aurretik jarri arren, ahaleginean jarraitu zuen. Baina garaipena urruti izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.