Reala 2-0 Espanyol

Elastikoa dago ororen gainetik

Realak mendean hartu du Espanyol, eta aurrera egin du Espainiako Kopan. Willian Jose ez da zelaian izan; taldea utz dezake

Mikel Merino eta Ander Barrenetxea, Realaren lehen gola ospatzen. Donostiarra izan zen golegilea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Reala. Remiro; Gorosabel, Llorente, Le Normand, Aihen; Ander Gebara (Zubeldia, 46. min), Merino, Odegaard (Sangalli, 68. min), Barrenetxea (Portu, 75. min); Oiartzabal, eta Alexander Isak.

Espanyol. Prieto; Javi Lopez, Lluis Lopez, Calero, Pedrosa; Pipa (Piatti, 65. min), Iturraspe, Pol Lozano (Victor Sanchez, 59. min), Vargas (Victor Gomez, 72. min.); Ferreyra, eta Wu Lei.

Golak. 1-0. Barrenetxeak (46. min.); 2-0. Isakek (61. min).

Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Realeko Merinori, Gebarari,eta Aiheni; eta Espanyoleko Wu Leiri, Lozanori, eta Javi Lopezi.

Bestelakoak. 21.647 ikusle Anoetan.

Arratsalde nahasi baten osteanzalantzak uxatzea beste lanik ez zuen Realak, eta lortu zuen. Espanyolen aurkako kanporaketa jokatu baino lehen iritsi zen bazterrak nahastuko zituen albistea; Willian Jose partidako deialditik kanpo geratu zen hura hasi baino lau ordu lehenago, «bere egoera argitu artean ez jokatzea» eskatu baitzion Realari. Futbolaren hiztegian begiratu besterik ez zegoen erabakiaren atzean zegoenaz jabetzeko: aurrelari brasildarra prest dago talde txuri-urdina uzteko.

Willian Joseren adinako pisua duen jokalari batek aztoratu dezake Realaren jira, baina ez dago haren gainetik. Elastiko txuri-urdina da zaleen bizipen iturri, eta atzo partida zuen Donostiako taldeak. Ondo baino hobeto ulertu zuten hori Realeko gainontzeko jokalariek, eta soinean zeramaten arropak merezi duen errespetuz ekin zioten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako neurketari.

Donostiarren hamaikakoa osatzen zuten jokalari gazteak bataz beste, 22 urtetik behera garaipen gosez zelairatu ziren, eta agerian geratu zen hori partida hasi orduko. Lehen minutua bete zenerako lehiara irten ziren Imanol Alguacilen jokalariak. Partida hasi eta berehala izan zuten lehen aukera. Martin Odegaarden gidaritzapean, Espanyolen areara aise iritsi ziren lehendabiziko uneetan. Antzera aritu ziren hurrengo jokaldietan ere; kataluniarrak beren zelaian zain egon ziren, baina ondo itxi ziren Andres Prieto atezainaren area inguruan.

Lehen hamar minutuak igaro zirenerako agerikoa zen etxekoen nagusitasuna. Baloi jabetzaren %64 bere eginda, eroso ari ziren zelaian, baina golik egin gabe. Hala segi zuen jokoak denbora batez, baina orekatzera egin zuen gero. Ordu erdia osatu zutenerako, Mikel Oiartzabalek eta Ander Barrenetxeak aukera bana izan zituzten, baina ezin golik egin.

Partida atsedenaldira heltzear zela aldatu zen hori. Odegaardek eta Oiartzabalek bat-bikoa egin zuten area ertzean, eta eibartarrak Barrenetxearekin jokatu zuen. Donostiarrak zutoinari joz sareratu zuen baloia. Hura izan zen lehen zatiko jokalari onena.

Hala joan ziren bi taldeak aldageletara. Itzuleran ireki egin zen neurketa, eta bi areatan sortu ziren aukerak. Hain justu, Espanyolek izandako aukera bikoitz bati Remirok emandako erantzun on batean iritsi zen txuri-urdinen bigarren gola. Kontraerasora egin zuten etxekoek, eta Odegaardek Isakekin jokatu zuen. Suediarrak bikain jaurti, eta gola egin zuen. Hurrengo minutuetan patxadaz aritu zen Reala;aldaketak egin zituen Imanolek, eta kontrolpean izan zuen jokoa.

Espanyolek langara baloi bat bota zuen arren, ez zuen arrisku handiegirik sortu, eta estutasunik gabe igaro zuen kanporaketa Realak. Partida serioa jokatu zuen, elastikoari garrantzia emanaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.