CSKA Mosku 89-86 TD Systems Baskonia

Maskara kenduta

Baskoniak galdu egin du CSKAren etxean, Euroligako zortzigarren jardunaldian, azken unean emaitza iraultzekotan egon bada ere

Sedekerkis, errebotea hartu berritan, Polonara taldekidea eta Hilliard CSKAkoa alboan dituela, atzo. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
CSKA Mosku. Hackett (16), Hilliard (31), Kurbanov (2), Xengelia (12) eta Milutinov (7) —hasierako bostekoa—, Bolomboy, Voigtmann (2), Khomenko (7), Antonov eta Clyburn (12).
TD Systems Baskonia. Henry (17), Dragic (3), Giedraitis (10), Polonara (8) eta Jekiri—hasierako bostekoa—, Vildoza (13), Sedekerskis, Diop, Fall (19), Peters eta Kurucs (3).
Markagailua. 23-16; 47-35(atsedenaldian); 66-58 eta 89-86.
Epaileak. Boltauzer, Zamojski eta Udianski.
Bestelakoak. 2.745 ikusle Moskuko Megasport pabiloian.

TD Systems Baskoniak atzo Moskun erakutsi zuen zer den: gorabehera handiko taldea. Jokalariak horrelakoak dituelako. Errusiako hiriburuan errusiar mendian bezala ibili zen, Euroligako zortzigarren jardunaldian: behera gehienetan, eta gora azken unean. Distira pixka bat eginda, ia ezustea eman zuen, baina gordina bada ere, hobe galtzea, taldearen argazki zehatza egiteko lagun hobea baita porrota garaipena baino. Badu zer zuzendua eta erakutsia Dusko Ivanovicek, baina, parean jartzen zaizkion oztopo guztiak gainditzeko zalea bada ere, oraingo honetan litekeena da kezka handi bat izatea buruan: nola zuzendu okerrak bere aginduetara dituen jokalariak gai ez badira erregulartasun gutxieneko batekin jokatzeko? Egoskorra da Montenegrokoa, eta tematuko da hori bideratzen ere. Baina...

Megasport pabiloian ikusleak zeuden atzo, 2.745, eta horietako batzuk maskara itxura egiteko bakarrik zuten aurpegian. Gaizki jarrita. Aurpegi osoa bistan. Gabezia guztiak erakutsi zituzten Baskoniako antolatzaileek ere: Luca Vildozak eta Pierria Henryk. Maskararik gabe. Bien artean, hamar baloi galdu zituzten erasoan. Antolatzaileak izanda, sekulako zama da taldearentzat kopuru hori. Jokatzen duten bezala jokatuta, buru askorik gabe, ez da harritzekoa. Horrelakoak direla pentsatu beharko. Larriagoa da defentsan erakutsi zuten jarrera. Etxekoek Daniel Hackett bakarrik zuten jokoa antolatzeko, Mike James eta Janis Strelnieks ez baitzeuden jokatzeko moduan, baina ez ziren gai izan Baskoniakoak Hacketteta Alexander Khomenko gaztea geratzeko. Deigarria oso Darrun Hilliardek sartu zuen hiruko erabakigarria, 84na zirenean, 30 segundo falta zirenean. Vildozak jauzi txiki bat baino ez zuen egin jaurtiketa trabatzeko, noiz eta sekulako saialdiaren ondoren eta etxekoen opariei esker taldeak berdintzea lortu zuenean 48 segundoren faltan. Partida osoan, ia beti atzetik joan da, hamar punturen mugatik gora.

Fall balekoa da

Etsigarria izan zen nola zigortu zuen CSKAk aurkariaren gerturatze bakoitza: ia beti hirukoekin erantzuten zion. Oso onak dira Errusiako taldekoak, baina Baskoniak atzean erraztasun handiak eman zizkien; batez ere, lehen bost minutuetan, hamar punturen aldea hartzen utzi baitzieten. Borrero Hilliard Baskoniako ohia izan zen: 31 puntu.

Maskara kendu zuen bestea Yossupha Fall izan zen. Partida ona egin zuen pibot gazteak, 19 puntu eta zortzi erreboterekin. Baina hau ere gorabeheratsua da, eta hurrengo partidan baldar ibiliko da agian. Horrelako jokalariekin, ez da erraza bide ona hartzea. Zerbaitegatik nabarmentzen du Ivanovicek defentsako lana dela funtsezkoa, baina horretan ere oraintxe bai eta hurrena ez, dabiltza jokalariak. Birus txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.