ATZEKOZ AURRERA. Berta Mendiguren. Antropologoa

«Afrika Erdiko Errepublika herri ahaztua da egun»

Afrika Erdiko Errepublikak 4,5 milioi biztanle ditu. «Bazterkeria» egoera larrian dago, eta pobrezia handia da. Horrek eragin du, besteak beste, gaur egun jasaten duten gatazka.

Baiona
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Berta Mendiguren (Castro Urdiales, Kantabria, Espainia, 1968) Afrika Erdiko Errepublikara joan zen 2010ean. Farmazia gutxi zeudela jabeturik, farmazia bat ireki zuen, hango jendea lagundu ahal izateko. Donostian, hitzaldi bat eman zuen herenegun.

Zein egoeratan dago Afrika Erdiko Errepublika?

Gaur egun, Afrika Erdiko Errepublika 2013ko martxoaren 24an emandako estatu kolpearen osteko trantsizio gobernuan dago. Afrika erdialdean pobrezia handia egon da beti. Munduan herri pobreenetariko gisa kontsideratzen da, eta bizi-esperantza apalena duen herria ere bada.

4,5 milioi biztanle inguru ditu Afrika Erdiko Errepublikak, eta populazioaren erdia egoera larrian dago. Gatazka aitzin, herritarren %70 baino gehiago egunean dolar batekin baino gutxiagorekin bizi ziren.

Zein da zehazki Afrika Erdiko Errepublikan gaur egun duten gatazka?

Nik ez dut uste gaur egungo gatazka etnia edo erlijioen arteko gatazka denik. Iparrean bizi ziren musulmanak, errebeldeak, bazterkeria egoera batean bizi ziren. Herrialde askotan, Elizaren laguntzari esker hezkuntza edota osasun zentroak eraiki ahal izan dira; baina iparrean, musulmanak izaki, ez dute Elizaren laguntzarik jaso.

Zehaztu behar da orain arte boterean zen Bozizeren gobernuak ez duela soilik iparraldea diskriminatu, baizik eta herri osoa. Afrika Erdiko Errepublikan izan diren gobernu guziek egin duten bezala. 70eko hamarkadatik bazterkeria egoeran bizi dira, bereziki Bossakak bere burua enperadore izendatu zuenean, 1976an. Bere ideia politikoekin bat egiten ez zutenei oldartzen zitzaien. Oso gogorra izan arren, eskolak, unibertsitateak, bideak, osasun zentroak eta abar eraikitzen lagundu zuen. Beste gobernuek ez bezala, etnia desberdinak batzeko ekitaldi kulturalak antolatzen zituen. Baina estatu kolpea eman ostean, etnien arteko zatiketa areagotu zen.

Irailaren 15ean, La Minusca misioa iritsiko da Afrika Erdira.

2013ko martxoaren 24an izandako estatu kolpeari erantzuteko, abenduaren 5ean beste estatu kolpe bat eman zen. Gatazkak beste bide bat hartu zuen, eta musulmanen aurkako buruz burukako bat sortu zen. Egun horretan, 15:00etan, Europako Batasunak, Frantziaren presiopean, La Minusca misioa bidaliko zuela iragarri zuen. 10.000 soldadu bidali zituzten. Misio horrek jadanik bertan ziren frantses misioa eta Eufor misioa lagundu zituen. Irailaren 15etik goiti progresiboki joan diren arren, uste dut asteartean ruandarrak iritsi zirela.

Hauteskundeak egin arte egonen dira, hau da, 2015eko otsailera arte. Baina baliteke atzeratzea. Jakin behar da gatazka aitzin administrazio guzia hankaz gora zegoela. Populazioaren parte handi bat paperik gabe dago, eta oso zaila ikusten dut hauteskunde batzuk egitea, biztanleriaren parte handi bat paperik gabe baldin bada.

Zuk urte batzuk iragan dituzu bertan. Ze lan eraman duzu?

2010ean joan nintzen Afrika Erdiko Errepublikara. Senarra bertakoa da, baina farmazia mediku gisa lan egiten zuen hemen. Afrika Erdiko Errepublikan hogei farmazia besterik ez zegoela jabeturik, hara joateko hautua egin genuen. Gaur egun han dugun farmazia urte guzian eta 24 orduz irekia den farmazia bakarra da.

Horrez gain, senarrak eta biok elkarte anitz sortu ditugu; adibidez, minbiziaren aurkako lehen elkartea sortu dugu.

Giza laguntza ematen duten erakunde asko daude.

Gaur egun arte gobernuz kanpoko wrakunde gutxi zeuden. Mugarik gabeko medikuak daude; haiek dira herrian diren medikurik onenak. Euskal Herrian egoitza duen Bangassou fundazioak ere asko lagundu du. Haiei esker eskolak, unibertsitateak, zubiak eraiki ahal izan dira. Gurutze Gorria ere badago. Gaur egun orain dela urte batzuk baino gehiago daude. Nazio Batuen Erakundeko agentziak ere badaude. Oro har, gobernuz kanpoko erakunde laiko anitz daude.

Zer oroitzapen duzu?

Momentu honetan, bi bururatzen zaizkit. Afrika Erdiko Errepublika ahaztua den herri bat da, baina aberastasun handiko herri bat da, bai pasaia eta bai pertsona aldetik ere. Bigarrenik, estatu kolpea eman zuteneko eguna oroitzen dut, 2013ko martxoaren 24ko estatu kolpea. Eskola barruan gorde nintzen semearekin, eta gure parean metro batzuetara zeuden errebeldeak. Oso irrealista izan zen. Nik uste nuen estatu kolpea pelikuletan bezala izanen zela, oso bortitza eta hil askorekin. Eta horrela izan zen, baina soilik bi helikoptero egon ziren, eta horietako batek behar ez zuen gune batera tirokatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.