Albistea entzun

Doan nahi dute, «lohitu» dadin

Euskara noranahi zabal dadin, harekin gozatzera eta izatearen erdigunean kokatzera dei egin dute Korrikaren amaierako ekitaldian. AEK-k doakotasunaren aldeko «erabaki ausartagoak» eskatu dizkie administrazio publikoei. 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute hurrengoa.

Korrika Zurriolako pasealekua zeharkatzen, lekukoa Bagera elkarteak hartu zuenean.
Korrika Zurriolako pasealekua zeharkatzen, lekukoa Bagera elkarteak hartu zuenean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko apirilak 12 - Donostia

Kalean erakutsitako indarra nola zertu erabakietan, euskararen aldeko neurri zehatzetan: Korrikak egunotan erakutsitako indarraren ondoren, badirudi horixe izango dela erronka orain. AEK-k ezarria du norabidea. Euskara ikasteko doakotasunaren aldeko kanpaina abiatu du Korrika dela eta, eta helburu hori hizpidera ekarri zuen Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiak atzo, lasterketaren lehen balorazioan. «Eskaera zuzena» egin zien administrazio publiko nagusiei: «Erabaki ausartagoak hartu behar dituzte. Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, gakoa izango da helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere».

Ikusi gehiago: Korrika amaierako mezua. Karmele Jaio: «Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik»

Herritarrei ere zuzendu zitzaien. Gogorarazi zien euskaltegiak «zabal-zabalik» dituztela, «euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko edo gehiago erabiltzeko». Halaber, euskara ulertu ez eta Korrikan parte hartu dutenei «mezu berezia» bidali zien: «Eskerrik asko zuen babesagatik, eta gonbidatzen zaituztegu euskaltegietara joatera. Animatzen zaituztegu euskara erabiltzen segitzera edo hastera. Milaka lagunek egin dute lehen ere, eta ezin duzue imajinatu zer esperientzia izango den Korrikaren hurrengo edizioan parte hartzea dagoeneko euskaraz jakinda».

Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak argitu zuen hori noiz izango den. 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute hurrengoa. Hortaz, urte bikoitietan izango da aurrerantzean.

«Maila bat gora»

Aurtengoak erakutsi du «jendeak Korrikaren gogo bizia zuela», Amondoren esanetan, eta hasieratik nabaritu dute Korrikak «gora» egingo zuela. Hala egin du, haren esanetan: «maila bat gora». Amondoren hitzetan, «mundiala» eta «epikoa» izan da 22. Korrika. Azpimarratu zuen ezen, euskararen aldekotasuna sustatzeaz gain, helburu ekonomikoa ere baduela Korrikak. Azken horri oraindik ere eutsi egin beharko zaiola esan du, «zoritxarrez», datozen aldietan. Ziur agertu zen, ordea, horretan ere aurrera egingo dela.

Ikusi gehiago: Argazki bilduma

Azken eguna «hunkigarria» izan zela ere azpimarratu zuen Amondok, eta seguru agertu zen hala bizi izan zutela Donostian izan ziren milaka herritarrek. Izan ere, auzoz auzo eraman zuen korrikalari oldea Korrikak, harik eta, eguerdian, erdigunean azken kilometroak egin zituen arte. 12:30erako gutxi falta zenean, jende ilara luze batek lotzen zuen Bulebarra Nafarroa hiribidearekin, eta, lasterketa amaierara hurbildu ahala, are handiagoa egin zen furgoneten atzeko herritarren masa. Eragile nagusiei gordetako kilometroak egin zituen orduan lekukoak: Gure Esku, Eusko Ikaskuntza, alderdi politikoak, gehiengo sindikala, Hekimen, Euskalgintzaren Kontseilua... Azkenean, Karmele Jaio idazle eta azken mezuaren egilearen eta Aize Otaño AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidearen eskuetara iritsi zen lekukoa, eta gogotsu haizatu zuten biek ala biek.

Ikusi gehiago: Horrela eman du BERRIAk 22. Korrikaren azken egunaren berri

Euskara «lohitzera», hitzak «haragitzera» dei egin zuen Jaiok oholtzatik, eta oihu Otañok: «Bada garaia gutxiago maitatu eta gehiago gozatzeko». Hala egin zuten Gipuzkoako hiriburuan bildutako herritarrek, baita lasterketa amaituta ere: gozatu. Hirian ezarritako zortzi guneak goraino izan ziren arratsaldean, eta kaian luzatu zuten jaia. Bizipenak eta emozioak digeritzeko garaia dator orain, eta lelotzat hartutakoa aplikatzekoa; ekintzetara igarotzekoa batzuentzat, eta hitzetara besteentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inauterien aurrekari gisa, kaldereroak atera ziren atzo Donostiako hainbat auzotan. Grosen, zartaginari joka aritu ziren makina bat lagun. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zorion kalderero denoi

Urtzi Urkizu

Santa Ageda bezperarekin bat egin dute Donostiako kaldereroek. Grosen urte asko daramatzaten kaldereroak eta hasiberriak aritu dira zartaginari jo eta jo, musikaren erritmoan.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Unai Etxenausia

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.
<em>Te falta un Teleberri</em> saio berria. ©ETB

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Julen Aperribai

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.