EHUko errektoretza energia aldetik eraginkor egin nahi dute

Iker Tubia.
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Europak 2020rako dituen asmoak betetzeko bidean sortu da A2PBEER proiektua. Energia kontsumoa %20 murriztu eta kontsumitzen den energia guztiaren %20 berriztagarria izatea da xedea. Horregatik, ia batere energia kontsumorik ez duten eraikinak nahi ditu Europak. Hala, hiru proiektu aitzindari eginen dituzte helburu horiek erdiesteko lanetan probak egiteko: EHUko errektoretzaren eraikina, Malmoko Zientzia Museoa (Suedia) eta Ankarako Bokazio Eskola (Turkia). Helburua, irtenbide berritzaileen bidez energiaren aldetik eraginkorrak eta iraunkorrak diren eraikinak lortzea da.

Aitor Erkoreka da proiektuko ikertzaileetako bat. Eraikinek Europako energiaren %40 kontsumitzen dutela azaldu du, eta zerbitzuetako sektorean egiten diren eraikin berriek 2020an urteko energia balantzea zero izan beharko dute. «Gaur egungo eraikinak oso-oso urruti daude hortik, energia asko kontsumitzen dutelako», esan du ikerlariak. Horregatik, eraikinak berriztatu behar dira. Berriztatze energetiko horiek, baina, eraikin batzuetan probatu behar dira, eta horietako bat Leioako campusekoa izanen da.

Errektoretzako proiektua

A2PBEER proiektuan hogei erakunde daude, eta Europako Batasunak finantzatuko du. 6,5 milioi euro dira aurrekontu osoa, eta haietatik 1,16 milioi errektoretzaren eraikina zaharberritzeko erabiliko dira. Lau urte iraungo du proiektuak, EHUko Ingeniarien Ikerkuntza Taldeak du esku artean, eta Luis del Portillo da koordinatzailea. Erkoreka eta Koldo Martin irakasleak ere arituko dira lantaldean.

«Itxiturak energetikoki zaharberritu, leihoak modu berean berritu, eta argiztatze sistemak zein beroa eta hotza produzitzeko sistemak optimizatuko dituzten sistemak egingo dituzte». Itxiturari dagokionez, superisolatzaileak erabiliko dira. Huts panel batzuk paratuko dituzte hormetan, eta, horiei eske, ez da berorik sartuko, ezta aterako ere. «Horma gisa izan dezakezun onena da hori».

Leihoei dagokienez, kristalari buelta emateko aukera eskaintzen duen sistema erabiliko dute. Neguan eguzki erradiazioa sartzen utziko du, baina udan kontrako funtzioa beteko du. «Neguan eguzkiarekin berotu nahi dugu eraikina, baina udan ez, bero egiten duelako barruan».

Argiztapen sistema osoa ere aldatu eginen dute. Sistema berritzaile bat jarriko dute: teilatuan eguzki erradiazioa hartu eta zuntz optiko bidez bidaltzen du behar den tokira. Eguzkiarekin argiztatuko da eraikina, baina eguzki gutxi dagoenean LED argiek beteko dute funtzio hori. Bestalde, eguzki panel batzuk jarriko dira neguan beroa eta udan hotza sortuko dutenak. Eguzki sistema termiko biltzailea erabiliko dute, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.