Luxuzko inaugurazioa

Altuna III.a, Rezusta eta Zabaleta sailkatuta daude jada Nafarroa Arenan jokatuko den Masterserako. 200 sarrera soilik gelditzen dira finalerako

Pilotariak, antolatzaileak eta babesleak, atzo, Nafarroa Arenan egindako aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Uda bukatzear da, eta, horrekin batera, baita udako torneoak ere. Hala ere, lau eta erdiko txapelketa hasi aurretik, ikusleek sanmateoetako torneoaz eta Codere Mastersaz gozatzeko aukera izango dute.

Atzo aurkeztu zuten Codere Mastersa, Iruñeko Nafarroa Arena pilotaleku berrian, bertan jokatuko baitute finala hilaren 29an. Egun horretan bertan eginen dute frontoiaren inaugurazioa, eta Codere Masterseko finala izanen da bertan jokatuko den lehena. Finalerdiak hilaren 26an eta 27an jokatuko dituzte, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Lau bikotek parte hartuko dute Codere Masters torneoan. EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligako sailkapenean lehen postuetan dauden hiru atzelariek eta aurrelariek osatuko dituzte lehen hiru bikoteak. Azken bikotea osatuko duten bi pilotariak, berriz, EPELeko Kirol Batzordeak erabakiko ditu, gonbidapen bidez.

Sanmateoetako torneoa izango da EPELeko sailkapenean puntuak emango dituen azkena. Torneoa jokatu aurretik, ordea, Jokin Altunak, Beñat Rezustak eta Jose Javier Zabaletak jada ziurtatua daukate Iruñean jokatzeko aukera. Altuna III.a da sailkapeneko buru —32 aste daramatza lehen postuan— eta Rezustarekin, lehen atzelariarekin, osatuko du bikotea. Zabaletak egun batzuk itxaron beharko ditu bikotea zeinekin osatuko duen jakiteko. Aimar Olaizola da aukera gehien duen aurrelaria, baina Joseba Ezkurdia eta Danel Elezkano ere aukerekin dira. Atzelarien artean, Jon Ander Albisu, Julen Martija eta Ander Imaz dira torneoa jokatzeko faborito nagusiak. Sanmateoetako ferian erabakiko da, ordea, nork izanen duen azkenean torneoa jokatzeko aukera.

Altuna III.a eta Rezusta dirahasi aurretik irabazteko faborito nagusiak. Gustura zen aurrelaria egokitu zaion bikotearekin: «Beñat atzelari handia da. Sekulako maila ematen ari da azkenaldian. Plazer bat da harekin jokatzea». Rezusta ere pozik azaldu zen: «Argi dago Jokin urte guztian onena izan dela. Orain arte ez dut aukera asko izan harekin jokatzeko, eta pozik nago». Frontoi berrian jokatzeko ilusioz azaldu dira biak. Hala ere, horretarako, hilaren 26an jokatuko duten finalerdia irabazi beharko dute.

Zabaleta ere gogotsu azaldu zen Nafarroa Arenan jokatzeko. Frontoi berria probatzeko aukerarik izan ez duen arren, «itxura ona» hartu dio. Olaizola II.ak, berriz, jada probatu du —prentsa aurkezpenean aritu zen bertan pilotan—, baina, pauso bat aurrera eman, eta bertako lehen finalean aritu nahi du.

2009an hasi zituzten eraikitzeko lanak, eta zazpi urtez itxita egon ondotik eginen dute lehen finala. 17:45ean hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Retegi Bi eta Ruiz Peñaren eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira. Ondotik izanen da ikusmin handia piztu duen finala. Sarrerak orain urtebete jarri zituzten salgai, eta 200 baino gutxiago geratzen dira. Ondo bidean, lehen jaialdian bertan beteko da Nafarroa Arena frontoia. Itxura du inaugurazio ederra izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.