HILBERRIA. Terry Jones

Umorista lotsagabea

DANIEL LEAL-OLIVAS / EFE.
mikel lizarralde
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Terry Jones aktore, gidoilari eta zuzendari galestarra (Colwyn Bay, 1942) hil zen atzo, Londresen, 77 urterekin. 2016an komunikatzea galarazten zion dementzia mota bat atzeman zioten. Monty Python taldeko kidea izan zen, eta 1969tik 1980ko urteen erdialdera arte, umore talde horri lotuta egon zen haren lana. Michael Palin, Graham Chapman, John Cleese, Terry Gilliam eta Eric Idlek osatu zuten, Jonesekin batera, seikote ospetsua.

Monty Python's Flying Circus (1969-1974) telebista saioarekin egin ziren ezagun hala Monty Python nola Jones, umore absurdo eta surrealista landuz, eta 1971n lehen filma osatu zuten telebistarako prestatutako gag-ekin: And Now for Something Completely Different. Zinemarako jauzia, ordea, lau urte geroago egin zuten Monty Python and the Holy Grail Artur erregeari buruzko parodia zikloarekin. Film hori lau eskutara zuzendu zuten Jonesek eta Gilliamek, gerora zuzendari gisa bidea egingo zuten Monty Pythoneko bi kideek, hain zuzen.

Lan horrek, arrakasta handia lortzeaz gain, umorea egiteko modu lotsagabe bat erakutsi zuen, taldeak hurrengo lanetan garatuko zuena. 1979an Jonesek zuzendu zuen Monty Pythonen film ezagunena, Life of Brian, Jesus Nazaretekoaren garaian jaio eta mesiastzat hartzen duten gazteari buruzkoa. Zuzendari lanez gain, Brianen amaren rola egin zuen Jonesek.

1983an taldeak bere azken filma egin zuen elkarrekin: The Meaning of Life, bizitzaren beraren garai ezberdinei buruzko film umoretsu, basati eta zenbaitetan baita eskatologikoa ere. Taldea desegin ostean, telebistan segitu zuen lanean, baina baita zineman ere. Jim Hensonen Labyrinth filma idatzi zuen, eta, besteak beste, Eric the Viking zuzendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.