Mikel Zumeta.
HERTZAK

Berrogei adina

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzaren lege berriaz eztabaidan ari diren bitartean, Ipar Euskal Herrian ikusi berri ditugu guraso, ikasle eta irakasleak haien eskubideen alde borrokan. Azterketak euskaraz egiteko aukera izan dezaten, euskararen normalizaziorako bidean elkarlanean. Ez da bera euskararen egoera probintzia guztietan, banaketa politiko eta administratibo bakoitzean. Bakoitzak bere borroka du, onurak, kalteak eta gorabeherak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunak askotan, tamalez, zilborzentristegiak gara, eta lanak ditugu Euskal Herriaren aniztasuna ikusten, barneratzen eta baieztatzen. Arazoak ditugu batuarekin, besteetan ezezagunegiak zaizkigun euskalkiekin, hoberena beti jatorrena, baina neurea, neure errealitatea, betikoa, benetakoa. Halakoxeak gara batzuetan euskaldunak tamalez, geure mundu aberatsa ezagutzeko ere, nagiak.

Aste honetan Ipar Euskal Herriko Gure Irratiaz ariko naiz. Abenduan 40 urte bete zituen. Irrati libre bezala jaiotakoa, ibilbide luzean kalamidadeak pasatakoa, eta ez nolanahikoak; besteak beste, 2006an Baionatik Uztaritzeko egoitzara joan zenean, suak guztia suntsitu zuen. Oraintxe irratiaren digitalizaziorako jauzia egiteko bidean daude lapurtarrak, urtez urte zutik eta uhinetan euskara zabalduz diraute, astelehenetik igandera.

Saioen artean aipatuko dudana, ez dakit melomaniak gomendioan zerikusirik izango duen, Adi saioa da. Adi astero asteazkenetan aireratzen dute, eta podcast moduan irratiaren webgunean zein Arrosa sarean dago eskuragarri. Ordubeteko iraupena duen musika saioa da, eta zer nahi duzue esatea, gozamen hutsa da. Ez ahaztu; Miarritzeko Atabal aretoa, Usopop eta Baleapop jaialdiak... musikaz dezente dakitela argi dago Ipar Euskal Herrian. Izan daiteke hegemoniaren alboetan aurkitzeak abantailak izatea, ikusmolde zabalagoak, osatuagoak, irrika handiagoak. Adi-n denetariko musika entzuteko aukera izango dugu; folklorikoenetik puntakoenera. Zarauzko, Aguraingo, Berako eta Sestaoko taldeak zein NY, Eskozia berria, Berlin, Londres eta Balear uharteetakoak. Punka, post-rocka, dubstep-a, munduko musikak, hardcorea, esperimentala, elektronika, cumbia, okurritzen zaizuen estiloak kabida izango du saioan. Beraz Adi, eta ez galdu haria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.