'Herriko tabernen' auzia. Epaiketa

Beste garai batekoak

Iazko urritik aurtengo martxora arte iraun du HB, EH eta Batasunaren aurkako auziak.

Tesiak eta eskaerak aldatu zituen amaieran fiskaltzak
Permach eta Etxeberria, Madrilen, iazko urrian, epaiketa hasi aurretik.
Permach eta Etxeberria, Madrilen, iazko urrian, epaiketa hasi aurretik. M. JARA / ARP

Hodei Iruretagoiena -

2014ko uztailak 31
Auzia hasi zutenetik hamaika urte baino gehiagora ekin zioten ahozko epaiketari, iazko urriaren 17an —Aieteko Konferentziaren bigarren urtemugan—: 36 auzipetu, eta 110 herriko taberna baino gehiago. «Talde terroristako kide» izatea edo hari laguntzea egotzita, zortzi eta hamabi urte arteko zigor eskaerak: 322 denera. Eta 110 elkarteak bahitzeko eskaera. Lehen egunean, nahiko lan izan zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko aretoa moldatzen, guztiak sartu ahal izateko.

AUZIPETUEN DEKLARAZIOAK

Honako hau zen hasierako akusazioa, Marcelo Azkarraga fiskalaren hitzetan: «HBk herrikoen instrumentalizazio politikoa eta finantzarioa egin zuen», ETAren aginduz. Beraz, taberna eta elkarte horiek ETAri diruz lagundu zietela. Auzipetuen deklarazioak etorri ziren aurrena: ETArekin lotura izatea ukatu zuten. Rufi Etxeberriak azaldu zuen, esaterako, «jarduera politikoan» ibili zela soilik, eta HBk eta Batasunak beren kabuz hartzen zituztela erabakiak. 1997ko Suitzako negoziazioak nahiz 2006koak ekarri zituen gogora: ETA eta Espainiako Gobernua mahai batean bildu zirela, eta HB-Batasunekoak bestean, PSE-EErekin. Hau da, gobernuak berak bereizten zituela ETA eta HB edo Batasuna.

HISTORIAREN LEKUKOAK

Auzipetuei banan-banan egotzitako egitateak baino gehiago, kasik ezker abertzalearen historia —HBren sorreratik hasita— izan zen epaigai. Lekuko gisa polizia perituak eraman zituen akusazioak, antzeko makroepaiketetan ezagun egin diren 19.242 eta 18.350 zenbakidunak tartean. Akusazioen tesia defendatu zuten: ETAk HB kontrolatzen zuela, zuzenean edo HASIren, KASen edo Ekinen bidez. Bestelako azalpena eman zuten defentsaren lekukoek, besteak beste, sorrera hartan aritutako Francisco Letamendiak, Patxi Zabaletak eta Miguel Castellsek: lau alderdik sortu zutela HB —HASIk, LAIAk, ESBk eta ANVk— eta ez zeudela ETAren menpe.

'HERRIKO TABERNAK'

Azken batean, ETAk kontrolatzen zuela HB eta erakunde armatua herriko tabernen bidez finantzatzen zutela. Hori zen akusazioen hasierako tesia. Bigarren zati horretan, Udaletxe proiektuak izeneko ustezko dokumentua zen oinarri nagusietakoa, 18/98 auzian ere erabilia. Hor «ETAren enpresa handiak» izendatzen zirela diote; tartean, AEK. Auzitegiek aspaldi errugabetzat jo arren, epaiketan «ETAren enpresa handi» izendatu zuen fiskalak AEK ere. Defentsak zalantzan jarri izan du dokumentu horren balioa, besteak beste, ez delako inon aipatzen. Diru kontuak ere argudiatu zituzten, adieraziz herriko tabernek nahiko lan badutela beren burua finantzatzeko.

FISKALAREN TESI ALDAKETA

Fiskalaren azken ondorioetan etorri zen ezustekoa. Buelta eman zien hamabi urtetako tesiei: adierazi zuen HBko kide izateagatik epaitu behar zirela auzipetuak. «Orain HBren inguruan erabaki behar da», esan zuen Vicente Gonzalez Mota fiskalak. Antzera egin zuen Azkarragak ere herriko tabernekin: argudiatu zutela ETA finantzatzen, «lotura ezkutatzea» zelako «estrategia». «Ez da ETA finantzatzeari buruzko auzi bat, guztiz kontrakoa baizik; ETAren auzi bat da, beren burua finantza dezaten [erakunde «sateliteek»: HBk, Jarraik, Amnistiaren Aldeko Batzordeek]. Hala, oinarrizko akusazioari eutsi arren —«erakunde terroristako kide» izatea edo hari laguntzea—, arindu egin zituzten zigor eskaerak, «luzamendu bidegabeagatik». Bederatzi auzipeturi, gainera, karguak erretiratu zizkien fiskalak.

DEFENTSAREN ERANTZUNA

Iñigo Iruin abokatuak erantzun zion fiskalari: «Erakunde terroristako kide izatea leporatzeko, erakunde terrorista batek egon behar du». Eta, adibidez, Segi edo Ekin bezala, HB ez du inork hala izendatu. Hori jakin arren, abokatuen iritziz, KAS edo Ekineko «militantzia bikoitza» frogatu ezin izan zutelako aldatu zituzten argudioak akusazioek. Gainera, Auzitegi Gorenak 2003an eten zituen Batasunaren jarduerak, bide administratibotik. Administratiboki existitzen ez bada, bide penaletik ere ezin dira epaitu HB, EH eta Batasuna.

AUZIPETUEN SALAKETA

Auzipetuek salatu zuten «legez kanporatzearen helburu politikoari» erantzuteko abiatu zela auzia: «Orain beste garai batean gaude, bakea, askatasuna eta demokrazia lortzeko prozesuan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna