Zaintzaren lan esparrua hobetuko du laukoak

Menpekotasuna duten pertsonen zaintzaz arduratzen direnen %25 kontraturik gabe ari dira. Diru laguntzak ezarriko ditu Nafarroako Gobernuak, kreditatutako langileen kontratazioa sustatze aldera

Patxi Tuñon eta Ines Frances, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ezinbestekoak dira, baina euren lanak apenas duen aitortzarik. Nafarroan, menpekotasunen bat duten pertsonen zaintzaz arduratzen direnetako asko kontraturik gabe ari dira lanean, soldata apalak jasotzen dituzte, eta behin-behinekotasun handia pairatzen dute. Errealitate ezaguna izanagatik, ez zegoen horren inguruko datu zehatzik, Nafarroako Gobernuak eginiko inkesta batek zurian beltz jarri duen arte. Lan esparru hori hobetzeko asmoa ere agertu du laukoak.

Atzo aurkeztu zuten txostena Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari Patxi Tuñonek eta Pertsonen Autonomia eta Garapeneko Nafarroako Agentziako zuzendari Ines Francesek. Ikerketaren arabera, 10.300dik gora pertsonak dute menpekotasunen bat Nafarroan, eta %45ek langile bat kontratatua dute, zaintza lanez arduratzeko. Zenbat eta menpekotasun handiagoa pairatu, orduan eta gehiagok jotzen dute aukera horretara: menpekotasun arina dutenen %33,8k, menpekotasun larria dutenen %41ek, eta menpekotasun osoa dutenen %50,7k.

Kopuruez gainera, baina, sektoreko lan baldintza eskasei ere erreparatu die Nafarroako Gobernuak. Atzoko agerraldian azaldu zutenez, lau zaintzailetik bat kontraturik gabe ari da lanean: %25,7. «Datu horrek agerian uzten du itzalpeko ekonomiak pisu handia duela sektore honetan», esan zuen Tuñonek.

Kasu honetan ere, kontratazio kopurua igo egiten da menpekotasun mailak gora egin ahala: menpekotasun arin bat aitortua duten pertsonen %48k soilik sinatu dute legezko kontratu bat; menpekotasun osoa dutenen artean, berriz, nabarmen igotzen da ehunekoa, %72raino.

Kontratua duten zaintzaileen egoera ekonomikoa, alta, ez da askoz hobea. Batez beste, hilean 800 euroko soldata jasotzen dute astean 30 orduko kontratua dutenek. Inkesta egin duten menpekoen artean, multzo handiena osatzen dute 801 eta 900 euro arteko soldata ordaintzen dutenek —%20 inguru—; 901 eta 1.000 euro artean pagatzen dizkiete zaintzaileei, berriz, %14k; eta 1.001 eta 1.200 euro arteko soldata ordaintzen dute soilik %11k.

Errealitate Sozialaren Behatokiko arduradunen arabera, zenbat eta lanordu gehiago kontratatu, orduan eta soldata apalagoak ordaintzeko joera dago. Hala, batez beste, 553 euroko soldata jasotzen dute astean hamahiru orduko kontratua dutenek; 781 euro jasotzen dituzte, berriz, astean 64 orduz lan egiten dutenek. «Dezente urriagoa da lanordu bakoitzeko ordaintzen zaiena», azaldu du behatokiko zuzendariak.

Diru laguntza berriak

Sektorearen egoera prekarioari aurre egiteko eta kontratazioa sustatzeko, diru laguntza berriak eskainiko ditu lauko gobernuak. Ines Francesen esanetan, hiru xede jarri dituzte: «Sektorean enplegua sustatzea, itzalpeko ekonomiari aurre eginez; kalitatezko zaintza profesionala eta kualifikatua eskaintzea; eta menpekotasuna dutenei etxean bizitzen segitzeko aukera bermatzea».

Gobernua irailean hasiko da menpekotasunen bat dutenen familiei diru laguntzak eskaintzen, zaintzaile kreditatuak kontrata ditzaten. Horretarako, baina, kreditazioa eskakizun izanen da. Halere, behin-behineko ziurtagiriak eta formakuntza saioak eskainiko ditu gobernuak, gaitasuna edota lan eskarmentua kreditatu eta baimenak lortzeko. 2022ko abendura arte aukera izanen dute zaintza sektoreko langileek profesionalen zerrendan izena emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.