Espainia. Gobernu berriaren osaketa

Hasi aurretik negoziazioei muga bat jarriz

Katalunia gogoan, konstituziotik harago ez direla mintzatuko agindu du Robles Defentsa ministroak. Borrell Atzerri ministroaren ustez, «lurralde osotasuna» da arazo larriena

Espainiako Gobernuko presidente eta ministro berriak, atzo, karguaren zina egin ondoren. JAVIER LIZON/ EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearentzat, «zoritxarreko albistea» da Josep Borrell kataluniarra izatea Espainiako Gobernuko Atzerri ministro berria. Izan ere, Borrellek gogor egin izan du prozesu subiranistaren kontra. Atzo, ministro karguaren zina egin ondoren, ez zuen Katalunia zuzenean aipatu, baina nabarmendu zuen Espainiak herrialde batek eduki dezakeen arazorik «larriena» duela: «Lurraldearen osotasunarena». Ez zuen, ordea, auzi horri erantzuteko irtenbiderik proposatu. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bezala, Margarita Robles Defentsa ministroak «elkarrizketa» agindu zuen atzoko ekitaldian, baina hasi aurretik muga bat jarri die Kataluniaren eta Espainiaren arteko negoziazio posibleei: «Konstituzioarekin dena; elkarrizketa, tolerantzia. Konstituziotik kanpo, ezer ez». Beraz, Sanchezek «zubiak eraikitzeko» konpromisoa hartu zuen arren, Espainiako Gobernuak mezu garbia bidali dio Kataluniakoari.

Bitartean, Sanchezek bilera batera deitu dezala eskatzen jarraitzen du Generalitateak. «Katalunia da Sanchezek mahai gainean duen gai inportanteenetako bat», adierazi zuen atzo Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilari eta gobernuko bozeramaileak, bilera hori azkartzeko ahaleginean. Borrellek esandakoa aintzat hartuta, bat datoz bi gobernuak. Baina muga konstituzioa baldin bada, a priori, behintzat, gutxi edukiko dute negoziatzeko, Torrak publikoki adierazten duena zera baita, errespetatu egingo duela urriaren 1eko erreferendumaren «agindua».

Kataluniako subiranistek ez dute oso gogoko Sanchezek osatutako gobernua, eta, Carles Campuzano PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanak Kongresuan duen bozeramaileak atzo esan zuenez, «irregularra» da exekutiboa. Borrellez galdetu zioten, eta erantzun zuen Kataluniarentzat «probokazio bat» dela hura Atzerri ministroa izatea. Espainiako diplomaziaburuak noizbait adierazitakoaren arabera, alderdi subiranistak jendea «engainatzen» ari dira, eta inoiz ez dute nazioartean babesik edukiko. Hain zuzen ere, indar independentistek Europan urratutako bidea desitxuratzea izango da Borrellen eginkizun nagusietako bat.

Iglesiasen kritikak

Meritxell Batet da Sanchezen exekutiboko beste kataluniarra. Lurralde Administrazioen ministro berriak atzo adierazi zuenez, bere helburuetako bat izango da «autonomia guztiekin» hitz egitea, «haiei aditzea, haiekin adostea», baina «bereziki» Kataluniarekin. «Aniztasuna» aldarrikatu zuen, eta nabarmendu «edozeren gainetik» defendatu beharreko «altxorra» dela. Katalanez mintzatuz bukatu zuen agerraldia.

Bestalde, gobernurako aukeratutako ministroak kontuan hartuta, atzo Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak deitoratu egin zituen Sanchezek PPri eta Ciudadanosi egindako keinuak: «Ciudadanosek eta PPk gustuko duen jendearekin egin du gobernua, gure gertuko inor gabe. Printzipioen deklarazio bat da hori». Joan den ostiraleko zentsura mozioa gogoan, Iglesias areago joan zen: «Itxura denez, 24 ordutan ahaztu du nork egin duen presidente». Sanchez presidente izendatu eta gero, Podemoseko liderrak «hauteskundeak elkarrekin irabaztera» dei egin zion. PSOEkoak eskaintzari muzin egin dio oraingoz.

Ciudadanosek ere izan zuen hizpide gobernu berria, eta Juan Carlos Girauta kongresuan bozeramaile denaren esanetan, ministro bakar batek ere ez dio «belarrira minik» egiten. PPk, bestalde, zer asmo dituen argitzeko eskatu dio Sanchezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.