Errekaleor proiektuak berme teknikoa jaso du

Auzo okupatuak higiene eta bizigarritasun baldintzak betetzen ditu, arkitekto baten ikerketaren arabera. Hainbat eragilek eskatu dute txostena, Urtaranek etxeen segurtasuna ezbaian jarri ondoren

Perez de Diego, ezkerrean, Errekaleor Baiko kideekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Errekaleorren zaharberritutako eraikinek higiene eta bizi baldintzak betetzen dituzte, irizpide orokorren arabera». Hala ondorioztatu du Almudena Perez de Diego arkitektoak, egin berri duen txosten teknikoan. Are gehiago, azken urteetan, bizilagunei eta eurek eginiko mantentze lanei esker etxebizitzen egoerak hobera egin duela dio agiriak. Horregatik, zaharberritze prozesu horrekin jarraitzea aholkatzen du. Arkitektoaren iritziz, eraikinak konpontzen jarraitzea «iraunkorragoa eta ekonomikoagoa» da, etxeak eraitsi eta haien gainean berriak egitea baino.

2017ko uztailaren 7an sinatuta dago dokumentua; aurkeztu eta ordu gutxiren buruan, beste hemezortzi arkitekto eta aparejadoreren bermea jaso du. Errekaleor Bai manifestua sinatu zuten 141 eragileek eskatu zuten, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak egindako adierazpen polemiko batzuen ondotik. Hark duela bi hilabete eskas adierazi zuen Errekaleor eraisteko asmoa, «segurtasun arrazoiak» argudiatuta. Auzo okupatuari buruzko txosten gaurkoturik ez zegoela eta, Errekaleorren aldeko mugimenduak Perez de Diegori eman zion egoera aztertzeko enkargua, Urtaranek aipaturiko «segurtasun arazo larriak» zenbaterainokoak ziren jakiteko asmoz.

Gasteizko Udalaren arabera, arrisku faktore nagusiak dira etxeen fatxadek duten amiantoa eta eraikinen aluminosia. Hezetasun maila handiek porlanean eragiten duten gaitza da aluminosia. Perez de Diegoren ondorioetan, ordea, bazterreko aukera gisa ageri da hori: agerian dauden eraikinak egoera «bikainean» daudela dio txostenak, eta hezetasun gehien duten etxeetan ere ez du sumatu aluminosiaren arrastorik.

Udalak aipaturiko beste segurtasun arazoa amiantoaren presentzia da, eta materia hori antzeman dute Errekaleorren. Ordea, auzoko eraikinek duten amianto maila garai bereko hamaika etxebizitzak ere badute. Are gehiago, 1960ko hamarkadan eraikitako eta gaur egun oraindik erabiltzen diren hainbat ikastetxe eta ospitaletan ere antzeman dute. Arkitektoak gogorarazi du substantzia horren presentziak ez duela bere horretan arazorik ekarri behar; soilik manipulatzen denean eragiten ditu kalteak. Txostenak jaso duenez, Errekaleorreko bizilagunek tentuz ibiltzeko agindua dute amiantoa dagoen tokietan.

Txema Ramirez de la Piscinak, EHUko irakasleak eta Errekaleor Baiko kideak, azpimarratu du erabilera duten etxebizitzak itxita daudenak baino «askoz hobeto» daudela. 2015ean egin zuten auzoaren egoerari buruzko lehen txostena. Atzo aurkeztu zutenarekin alderatuz gero, antzeman daiteke azken bi urteetan bizilagunak bizi izan diren eraikinak lehen baino egoera hobean daudela. Etxeetan jendea bizi ahala, hezetasunen egoera hobetuz joan da, Ramirez de la Piscinaren arabera, aire korronteei eta egunerokotasuneko konponketei esker.

Halaber, txostenak dioenez, auzokideek hesiz inguratu dituzte segurtasun arazoak dituzten etxebizitzak, udalak egiten duen oso antzera.

Gasteizko historiaren parte

Auzoaren osasuna ona izateaz gain, hiriaren memoria historikoaren adierazle dela gaineratu du Ramirez de la Piscinak. Hain zuzen ere, Gasteizen garapen industrialean parte hartu zuten familia askoren lehen bizitokia izan baitzen Errekaleor.

Gasteizko Udalak Errekaleor auzoan etorkizunera begira duen plangintza ere aztertu du Perez de Diegok. Auzo horretan baratze ekologikoak jartzea da alkatearen asmoa, Gasteizko gerriko berdearen osagarri. Egitasmo hori «legez kanpokoa» dela uste du Perez de Diegok, izan ere, eraikin berriak egin beharko lituzkete orain etxe okupatuak dauden leku berean, eta, horretarako, hirigintza plana aldatu beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.