Usansolo udalerria bideragarria litzateke

Ondorio horretara iritsi da EHUk egindako ikerketa.

Galdakaok ere bideragarritasuna mantenduko luke.

Usansolo Arratiako Mankomunitatearekin elkarlanean aritzera aholkatzen dute
Ezkerrean, Ander Bilbao ikerketaren egilea.
Ezkerrean, Ander Bilbao ikerketaren egilea. MONIKA. DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla

2014ko urriak 29
Ez da ameskeria. Usansolo (Bizkaia) udalerri bilakatuko balitz, ekonomikoki bideragarria litzateke. Hala baieztatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa batek. Galdakaok ere bere kaudimena eta funtzionamendua mantenduko luke, diru sarrerak handitzeko neurriren bat hartu beharko lukeen arren. Usansolok inguruko herriekin zenbait zerbitzu partekatu, eta batez ere Arratiako Mankomunitatearekin elkarlanean aritzeko gomendioa ageri da ikerketan.

Ander Bilbao EHUko Ekonomia ikasleak egin du ikerketa, gradu bukaerako lan gisa, eta Yolanda Jubeto Ekonomian doktore eta EHUko irakasleak zuzendu du. Orain arte egindako azterketa guztiak aletzen dira ikerketan, hots, Hiri Lur enpresak 1988an egindakoa, IKEIk 1989an egin zuena, eta bi urte geroago Ricardo Sanz Cebrianek eta Adolfo Saiz Cocak egindakoa; horretaz aparte, bideragarritasun azterketa egin du Bilbaok, Galdakaoko 2011, 2012 eta 2013. urteetako aurrekontuak oinarritzat hartuta.

Hori izan da, hain zuzen ere, azterketa egiteko oztopo nagusia. Bilbaok salatu duenez, Galdakaoko Udalak ez dizkie beharrezko zituzten datuak eman, behin eta berriro eskatu dituzten arren. Oztopo hori gainditzeko, aurrekontuen simulazioa egin behar izan dute, desanexioaren osteko egoerara ahalik eta zorrotzen hurbiltzen saiatzeko.

Sarrerak eta gastuak

Sarreren arloan, estimazio bat egin du Bilbaok, biztanle, lurralde eta etxebizitza kopuruaren arabera Usansolok Galdakaon duen pisua kontuan hartuta. Sarrera horiek gastuekin alderatu ahal izateko, Lemoako Udalaren aurrekontuetako gastuak hartu dituzte aintzat. Elkarrengandik gertu egoteaz gain, Lemoak eta Usansolok antzekotasun handiak dituzte biztanle kopuru, zerbitzu eta beharrei dagokienez.

Azterketaren arabera, 2011n gastuak sarrerak baino handiagoak izan ziren Lemoan, baina hala gertatu zen urte hartan udalak ezohiko gastu batzuk egin zituelako. Beste bi urteetan, berriz, superabita ageri da balantzean: 1.300.000 bat eurokoa 2012an, eta milioi bat euro ingurukoa 2013an.

Datu horietan oinarrituta, desanexio prozesuaren alde egin du Bilbaok. «Bideragarritasun ekonomikoak ematen duen bermeaz gain, bere etorkizuna erabakitzeko eskubide osoa du Usansolok», esan du.

Txikirako joera

Saioa Elejabarrieta Lemoako alkatea ere egon da ikerketaren aurkezpenean. Esan duenez, globalizazioaren testuinguruan «handira jotzeko joera» nagusitzen den arren, badago txikitasuna hobesten duenik ere, eta Bizkaiko udal gehienek, 79k, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztela gogoratu ondoren, udalerri txikien abantailak goraipatu ditu, hautetsien gertutasuna edo kexak helarazteko erraztasuna, esaterako. «Udal bat porrotera eraman dezakeena ez da bere tamaina, kudeaketa desegokia baizik», gaineratu du.

Juan Landak, azken lau urtean Usansoloren desanexioaren arlo juridikoa jorratu duen abokatuak, urriaren 23an egingo duten galdeketa hartu du hizpide. Galdeketa «erabat legezkoa» dela eta inork helegiterik aurkezteko ezelako aukerarik ez dela baieztatu du. Ekinbidearen garrantzia ere nabarmendu du: «Aldundian nagusi diren alderdien jarrera aldaketa erabakigarria suerta daiteke, baina hala izan dadin bozkatu egin behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna