Alokairu soziala eta etxeen zaharberritzea bultzatzeko legea onartu du laukoak

EH Bilduk eta Ahal Dugu-k «lehen urrats bat» dela nabarmendu dute. UPN, PSN eta PPren arabera, arauak talde batzuei egiten die mesede

Mikel Buil eta Uxue Barkos, Nafarroako Parlamentuan, atzo. IÑIGO URIZ / ARP.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Errenta bermatuaren ondotik, gizarte izaerako beste lege garrantzitsu bat onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak osoko bilkuran. Etxebizitzaren foru legea babestu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. PSN, edukiarekin kritiko azaldu arren, abstenitu egin zen; UPNk eta PPk, berriz, kontra bozkatu zuten. Laukoaren eledunek nabarmendu zutenez, egitasmoak alokairu soziala merkatu eta sustatuko du. Horrekin batera, etxeak zaharberritzea bultzatuko da, bide batez krisian den eraikuntza sektorearen alde eginez. Guztira, 1.800 lanpostu sortzea espero du Nafarroako Gobernuak.

Nahiz eta gobernua babesten duten lau alderdiek aldeko botoa eman, ñabardurak azaldu ziren bakoitzaren jarreretan. Adibidez, Geroa Baiko Isabel Aranburuk adierazi zuen legearekin «zalantzarik ez» dutela. Aitzitik, EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialderentzat, «bide luze baten lehen urratsa» baino ez da. Ahal Dugu-ko Mikel Builek ere antzera jo zuen: «Lege honekin ez da nahikoa, baina onartzea ezinbestekoa zen». Ezkerrako Jose Miguel Nuinentzat, etxebizitza eskubidea bermatzeko pauso «sendoa» da.

Bestalde, PSNko Ainhoa Unzuk adierazi zuen legeari anbizioa falta zaiola eta «eskasa» dela: «Lege honekin ez dago aldaketarik. UPNk egindakoaren eta zuek aurkeztutakoaren artean ez dago alde handirik». Hori ez ezik, legea ez zela bidezkoa ere nabarmendu zuen Unzuk, «talde batzuei bakarrik» mesede egingo dielako, eta hutsik dauden etxebizitzen arazoari konponbiderik ez diolako emango. Horren harira, Nuinek gogoratu zion auzi hori konpontzeko 2013an onartutako legeari Espainiako Gobernuak helegitea jarri ziola, eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren zain daudela.

PSNk bezala, UPNk eta PPk nabarmendu zuten legea ez dela «bidezkoa». UPNko Luis Zarralukik adierazi zuen gutxi batzuei mesede egingo diela: «Nafarroako Gobernuak zorrak ordaintzen ez dituztenak sarituko ditu». Legearen alde onak aitortu arren, esan zuen ezaugarri negatiboek pisu handiagoa dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.