Kolegioetan eta lizeoetan euskara arriskuan dela salatu dute irakasleek

Kolegioko orduen %20 galduko direla salatu dute Euskara Geroan eta Biga Bai elkarteek. Euskarazko ikasgaiak finkatzeko eskatu dute
Euskara Geroan eta Biga Baiko kideak, atzo, Baionan.
Euskara Geroan eta Biga Baiko kideak, atzo, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko ekainak 29
Kexu dira sare publikoko eta katolikoetako irakasleak. Euskara Geroan elkartea sortu zuten 2015ean kolegioetako erreformaren ondorioak salatzeko. Errektoretzarekin negoziatuta kalteak arintzea lortu bazuten ere, Hezkunde Nazionalak ekainean emandako aginduak ekar litzakeen aldaketek euskara eta euskarazko irakaskuntza «arriskuan» jarriko dituztela salatu dute Biga Bai guraso elkartearekin batera.

Euskarari dagokionez, bi sail bereizi behar dira ikasleen artean: elebidunean direnak, hots, euskara hizkuntza irakasgai izateaz gain, orain arte, Historia-Geografia gutxienez, eta Matematikak eta Gorputz Hezkuntza ere euskaraz egiten dituztenak. Eta, klase frantses elebakarretan dabiltzan ikasleak, baina euskara hautuzko irakasgai moduan hauta dezaketenak, hastapen gisa. 2015eko erreformak tokiko hizkuntzen ordu kopurua murriztu zuen, baina euskararentzat diru baliabide bereziak atxiki ahal izan zituzten, Errektoretzak bere gain hartuta. «Baliabide berezi horiek ezinbestekoak dira, koadro bat eta oren kopuru finko bat segurtatu ahal izateko», azaldu du Marie Andre Ouret Biga Baiko lehendakariak. Bestela, ikastetxe bakoitzean egin behar dituzte moldaketak: euskarazko irakasle posturik aurreikusia ez bada, irakasle euskaldunei klase elebiduna hartzea proposa diezaiekete, baina, geldialdia hartu behar badu, ez da errana beste euskaldun batek ordezkatuko duenik. Ordezkoa elebakarra bada, klase elebiduna desagertzen da.

Ekaineko agindu berriak egoera larritzen duela adierazi dute. «Tokiko hizkuntzak 'hautazko irakaskuntzetara' baztertuak eta murriztuak dira», deitoratu du Aitziber Zugarramurdi irakasleak. Euskararen hastapenean direnek gehienez ere bi ordu izanen dituzte astean kolegioan. «Ikasleek kolegioan egiten dutenera ibilbideko ordu kopuruaren %20 galduko da».

Halaber, ekaineko aginduak bigarren kanpoko hizkuntza bat ikasteko aukera ematen die 6. mailatik aitzina. Bilangue klasea deitzen zaio horri, baina bigarren kanpoko hizkuntzaren eta tokiko hizkuntzaren artean hautua egin behar du ikasleak. Elebidunekoak dira jomugan. «Kanpoko hizkuntza eta euskara lehian emanak dira. Kanpoko hizkuntzen garatzearen nahikaria ez da euskararen bizkar izan behar», salatu dute.

25 urte aitzinamendu gabe

Irakasleak eta gurasoak Errektoretzarekin harremanetan egon dira egoera konpontzeko asmoarekin. Hastapenean zein elebidunean, 2015eko erreforma aitzin zen ordu kopurua atxikitzeko eskatzen dute, eta euskara ikasten duenak bigarren kanpoko hizkuntza bat ikasteko aukera ere izatea. Halaber, irakaspen hori plantan emateko ikastetxeek baliabide bereziak eskuratzea nahi dute. Ildo beretik, hizkuntzak ez diren ikasgaiak euskaraz egiteari dagokionez, jadanik direnak finkatu eta aukera zabaltzeko eskatu dute. Hori bermatzeko baliabide bereziak onartzea nahi dute, jarraipena segurtatzeko, euskarazko irakasle postuak hala ezagututa.

1992an sortu zen euskarazko irakaskuntza elebidunerako aukera sail publikoan eta katolikoan. Euskara eta Historia-Geografiarekin hasi baziren ere, denborarekin, frantsesezko eta euskarazko orduen parekotasunera iritsi beharra zen, funtsean, Hego Euskal Herriko B ereduaren gisara. Baina, 25 urtean ez da aitzinamendurik izan. Alta, azken hamar urteetan, elebidunaren hautua egiten duten ikasleen kopurua bikoiztu egin da: 1.750 ikasle dira kolegioetan —937 ziren orain dela hamar urte—, eta 400 lizeoetan —180 ziren orain dela hamar urte—. Baliabide falta deitoratu du Ouretek: «Sail horrek badu garatze beharra, baina baldintza horietan ezin da aitzinatu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna