Argako gasolio isuria, kontrolatzeko bidean

Nafarroako Gobernuak uste du ibaiaren emari handiak eta tenperatura apalak «mugatu» dutela isuriaren eragina. Basozainek erregai orbanak antzeman dituzte Beraskoain eta Gares artean

Suhiltzaileak eta basozainak, Arga ibaian lanean. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ezbeharra izan da, baina ez hondamena. Astearte arratsaldean, gasolina eta gasolioa garraiatzen zituen erregai kamioi bat PA-30 errepidean irauli zen, Antsoain parean (Nafarroa); biltegietako bat puskatu, eta 10.000 litro gasolio isuri ziren errepide ertzera. Istripua gertatu zen tokia Arga ibaitik urrun egonagatik ere, euri-uren kanalizazio bideetan sartu zen gasolioa, eta hortik heldu zen ibairaino. Atzo istripuaren eta larrialdi protokoloen behin-behineko ebaluazioa egin zuen Nafarroako Gobernuak: isuria «larria» izan zela onartu arren, kalteak «izan zitezkeenak baino arinagoak» direla adierazi zuen Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusi Eva Garcia Balaguerrek.

Gobernuak heldu den astelehenean eginen du ebaluazio zehatzago bat, baina Ingurumen Zerbitzuko buruak aurreratu du larrialdi zerbitzuak egoera «kontrolatzeko bidean» direla; «ezbeharra udako hilabeteetan gertatu izan balitz, kaltea larriagoa zatekeen, baina orain, ibaiaren emari handiak eta uraren tenperatura apalak mugatu egin dute isuriaren eragina, gasolioa diluitzeko balio izan baitute».

Hala ere, suhiltzaileek eta basozainek ezin izan diote oraindik eutsi isuriari, eta, Iruñe parean jarritako erretenak gaindituta, Gareseraino iritsi dira gasolio orbanak. Beraskoain inguruan ere antzeman dute kutsadura.

Izan ere, Garciak azaldu duenez, erregai kamioitik isuritako gasolioa euri uren kanalizaziora iragazi izanak larrialdi zerbitzuen lana zaildu du: «Gasolioa ez da bide bakarretik jausi, hainbat tokitatik iritsi da ibairaino; hortaz, suhiltzaileek jarritako hesiak ez dira nahikoak izan isuria gelditzeko».

Zuzendariak erantsi du suhiltzaileek sei erreten jarri zituztela ibaiaren beste horrenbeste tartetan: «Gasolioa xurgatuko dute hesi horiek, eta xurgatu ezin dena ibai bazterrera eraman, eta kamioien bidez ponpatuko dugu».

Gares parean, erreten berezia atondu du Nafarroako Gobernuak: «Tarte horretan, geldiune bat du Arga ibaiak, eta gasolioa ere hor geldituko da; hortaz, hesiak paratu ditugu, isuria erabat kontrolatze aldera». Garciak, bestalde, zalantza agertu du inguru horretan diren zentral hidroelektrikoek izan dezaketen eraginaz: «Batetik, zentraletako turbinek gasolioa atomizatzen lagunduko dute, baina, bestetik, kutsadura heda dezakete; edonola ere, aintzat hartzeko moduko faktore bat izanen da hori». Ingurumeneko zuzendariak argi utzi nahi izan du, halaber, isuriak ez duela eraginik izanen txorrotako ur edangarrian, «iturburuak dauden tokitik behera gertatu baita isuria».

Hegaztiei kalte

Gasolio isuriak inguruko faunan izan dezakeen kalte ekologikoaz mintzatu zen atzo Nafarroako Basozainek Iruñerrian duten taldeko buru Jose Garcia-Faltzes. Haren esanetan, beste mota bateko isuri toxikoekin alderatuta, gasolioaren eragina «txikiagoa» da arrainen kasuan: «Beste gai toxiko batzuk isurtzen direnean, berehala agertzen dira arrainak hilik, baina kasu honetan ez dugu bakar bat ere aurkitu. Izan ere, gasolioa ur azalean gelditzen da, ez du ibaiaren hondoa kutsatzen; hortaz, arrainei eta ur azpian bizi diren ornogabeei ez die eragiten».

Garcia-Falcesek adierazi zuenArga ibaiaren inguruko hegaztiak direla basozainen kezka nagusia: «Ahateak eta ubarroiak, nagusiki, ur azalean igerian ibiltzen direlako, eta gasolioarekin kontaktua izan dezaketelako».

Azkenik, Ingurumen zerbitzuko arduradunek «ontzat» jo dute isurien aurkako protokoloa ezartzeko modua. Garcia-Faltzesen esanetan, «ezbeharra gertatu bezain laster esku hartu zuten administrazioek», eta horrek «azkartu eta erraztu» egin zituen suhiltzaileen, foruzainen eta basozainen prebentzio lanak. Protokolo horren barruan, Antsoaingo 56 etxebizitza hustu zituzten foruzainek. Zirkulazio etena ere ezarri zuten PA-30 errepidean nahiz inguruko bideetan, gasolioak sua hartzeko duen arriskuari aurrea hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.