AURREZKIA INBERTSIO ITURRI

Berrikuntza Funtsa aurkeztu dute Arabako eta Bizkaiko aldundiek, aurreztaile txikien ekarpenarekin enpresa txiki eta ertainek berrikuntzan inbertitu ahal izateko funts bat. Produktu mota hori hedatuz joan daiteke, inbertsio segurua delako eta zerga abantailak eskaintzen dituelako.
Unai Rementeria, ekain amaieran, berrikuntza funtsaren aurkezpena egin zutenean.
Unai Rementeria, ekain amaieran, berrikuntza funtsaren aurkezpena egin zutenean. BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 15
Norbanakoaren aurrezkiek eta enpresa txikien inbertsio beharrek bat egingo dute Araban eta Bizkaian. Europako Batasunean indarrean jarri den EELIF Europako Epe Luzerako Inbertsio Funtsen legea aintzat hartuta, aurreztaileen dirua erakartzeko bi funts sortu berri dira azken hilabetean. Ekainaren amaieran, Elkargi, Solventis eta zortzi banketxek Berrikuntza Funtsa izenekoa sortu zuten lehenbizi, eta enpresa txiki eta ertainen berrikuntza beharrak asetzeko balio du. Handik aste gutxira, arrisku funtsak kudeatzen dituen Talde-k beste bat sortu zuen enpresa txiki eta ertainek dituzten finantza behar handiagoak asetzeko. Biak daude enpresa txikiei bideratuta, EELIF edo Juncker planak zehazten duen bezala, eta biek zerga onurak eskaintzen dizkie funtsetako batean inbertitzen duenari.

Bereizgarrietako bat hori baita: enpresen beharrak betetzeko funts horretan ekarpen ekonomikoa egitearen truke interesak jaso beharrean kenkariak jasotzen ditu aurreztaileak errenta aitorpena egitean. Berrikuntza Funtsa aurkeztu zenean eman zuen bereizgarri horren berri Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Funts horretara aurreztaile txikiak erakarri nahi dira, eta 2.500 edo 5.000 euroko ekarpenak lortu. Horien truke, errenta aitorpena egitean, 375 eta 750 euroren kenkariak lortuko lituzkete inbertitzaileek, ekarpen kopuruaren arabera. Taldek abian jarritako funtsak, ordea, aurrezki handiak dituzten pertsonen arreta bereganatu nahi du, eta funtsean inbertitzen den dirua ondare zergatik libre geratuko da. Alegia, bietan zerga onurak jasotzen dituztela inbertitzaileek.

Baina funts batean zein bestean inbertituko duten pertsonen soslaiak ezberdinak dira. Batean, aurreztaile txikiak izango dira, eta, bestean, ekarpen handiagoak egiteko gai direnak egongo dira. Baina funtsaren helburuek ere erakusten dute nahi hori. Berrikuntza Funtsak 15.000 pertsonaren ekarpenak jasotzeko helburua jarri baitu, eta, horrekin, 40 milioi euroko funtsa sortuko du. Diru horrekin, 100 enpresa ingururi 150.000 eta 650.000 euro arteko maileguak eskainiko diete, enpresa horiei berrikuntzan inbertitzeko aukera emateko. Taldek sortu duen funtsean, berriz, ez dago inbertitzeko mugarik, eta arduradunek 100 milioi euroko funts bat sortu nahi dute. Taldera finantzaketa bila joango den enpresak, bestalde, gutxienez bost milioi euroko mailegua eskatu beharko du, eta gehienez hamabost milioikoa, eta hazteko edo enpresaren bat bereganatzeko asmoa duten enpresei bideratuta egongo da.

Bi funtsen helburua ezberdina den arren, aurreztaileek hartuko dituzten arriskuak berberak izango dira, eta bietan segurtasun maila handia izango dute. Berrikuntza Funtsan, esaterako, dirua jartzen duen inbertitzaileak inoiz ez du izango aukerarik aurreratutako dirua galtzeko, Elkargik abala eskainiko baitu. Hau da, mailegua eskatutako enpresaren batek jasotako dirua itzultzeko aukerarik izango ez balu, diru hori Elkargik jarriko luke. Ogasunek abiatu duten tresna juridikoekin, gainera, arriskua txikitu egiten da.

Modu bateko ekarpena egin, ala bestekoa egin, kontua da norbanakoen aurrezkiak enpresen finantzaketan txoko bat egiten hasi dela. Ikusi beharko da atzetik besterik etorriko den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna