Zerrenda bereizien aukera aztertzeko prest agertu da Mas, ERCren arabera

Kataluniako presidenteak eta Junquerasek ez dute akordiorik itxi, baina jarrerak hurbildu dituzte

Xabin Makazaga -

2015eko urtarrilak 6
Kataluniaren independentziarako prozesuak trabatuta jarraitzen du, Artur Mas Generalitateko presidentea eta Oriol Junqueras ERCko buruzagia ez direlako ados jartzen hauteskunde plebiszitario batzuk egiteko formulari buruz. Atzo bosgarren aldiz bildu ziren azaroaren 9ko herri galdeketaren ondotik, eta ez zuten akordiorik lortu; baina Mas prest agertu da, ERCko iturrien arabera, balizko hauteskunde plebiszitarioetan aterki beraren pean zerrenda bereiziak aurkezteko aukera aztertzeko.

Hauteskundeak aurreratzekotan, independentziaren aldeko indarrak zerrenda bakarrean bildu eta gizarte zibilaren ordezkariekin osatzeko baldintza jarri du orain arte Masek. Espainiako auzitegiek galarazitako herri galdeketaren ordezkotzat aurkeztu ditu, izan ere, hauteskunde plebiszitarioak, eta emaitza argi bat izateko ezinbestekotzat jo izan du zerrenda bakarra aurkeztea. Legegintzaldia 2016. urtean amaitzen da, eta ordu arte irauteko prest agertu da Kataluniako presidentea, burujabetzaren aldeko indarrek akordio bat egin ezean. Junquerasek, berriz, bozak lehenbailehen egitea nahi du, eta zerrenda bereiziak hobetsi ditu, independentziaren aldeko marka komun batekin.

Presidentearen zerrenda

Independentziaren aldeko hautagaitza bat baino gehiagoko formularen bat onartzekotan, gizarte zibilaren ordezkariak presidentearen zerrendan biltzeko aukera aztertzeko prest agertu zen atzo Mas, ERCko iturrien arabera. Junquerasek ez du begi onez ikusi errepublikanoek beren hautagaitza alderdiko ordezkariekin soilik osatzea, haiek ere gizarte zibilaren ordezkariak txertatuta independentziaren aldeko boto gehiago pilatzeko aukera daukatela uste baitu. Baina Masek bere zerrenda zehaztu, eta ondoko egunetan berriro biltzekotan geratu dira.

Duela astebete pasa, iazko abenduaren 27an, ANC Biltzar Nazional Katalaneko, Omnium Culturaleko eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko ordezkariekin bildu ziren Mas eta Junqueras. Akordiorik ez zuten lortu hauteskunde plebiszitarioei buruz, baina burujabetzaren aldeko hiru elkarteek formula bat jarri zuten mahai gainean: hiru zerrenda aurkeztea —Masena, ERCrena eta CUPena—, eta presidentearena izatea gizarte zibilaren ordezkari garrantzitsuenak bilduko zituena.

Formula horretara hurbiltzen da atzo Mas aztertzeko prest agertu bide zena, baina gizarte zibilaren ordezkari guztiak bere zerrendan sartuta.

Luzamendu handitan ezingo dute ibili Masek eta Junquerasek, hauteskunde plebiszitarioak martxoan egitekotan —maiatzeko udal hauteskundeen aurretik— bozetara deitzeko azken eguna urtarrilaren 27a izango baita. Eta bi aste lehenago, hilaren 13an, agerraldi bat dauka Kataluniako presidenteak, legegintzaldiaren balantzea egiteko. Urtarrilaren 19tik 23ra, gainera, aurrekontuen emendakinen eztabaida egitekoa dute Kataluniako Parlamentuan.

Azken legegintzaldian ERCk babestu ditu Masen gobernuaren kontuak, baina orain hauteskundeak aurreratzea premiazko jotzen du Junquerasek, eta, Masek urrats hori egin ezean, aurrekontuak aurrera ateratzeko babesik gabe geratuko litzateke Kataluniako Gobernua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna