Ia hiru milioi lanpostu berri daude AEBetan

Azken hamabost urteetan inoiz egondako enplegu sorrera handiena lortu du Washingtonek 2014an.

Europako larritasunak urrun utzita, langabezia tasa %5,6ra eraman du Obamaren politikak
Langabeak New Yorkeko enplegu bulego batean, ilaran.
Langabeak New Yorkeko enplegu bulego batean, ilaran. JUSTIN LANE / EFE

Xabier Martin -

2015eko urtarrilak 10
Europa zaharrean aspaldian tsunamiak bezala zabaltzen diren gerrikoa estutzeko politikak alde batera utzi, eta pizgarrien alternatibari ekin zion munduko lehen ekonomiak (AEB) orain urte batzuk. Emaitzak begien bistakoak dira aspaldi honetan bi kontinenteen arteko egoerak alderatuz gero; baina kontrastea are handiagoa bihurtu du Washingtonek jakinarazitako azken langabezia datuak: abenduan, 252.000 enplegu berri sortu dira AEBetan, eta 2014. urte osoan, 2,95 milioi lanpostu berri sortuko dira. Langabezia tasa %5,6an dago, azken hilean bi hamarren jaitsi ondoren. Etxe Zuriak eta Erreserba Federalak euren saria jaso dute azken hamabost urteotan sekula izaniko langabeziaren jaitsiera handiena erdietsita. Inoiz baino argiago geratu da Barack Obamak Europatik jasotako jarrera eszeptikoa erratua zela.

Ezin da ahaztu, izan ere, 2014. urtea AEBek enplegu kopuru garbia lortu duten bosgarrena dela jarraian. 1999an, 3,1 milioi enplegu sortu ziren; ordutik ez da iazkoa baino marka hoberik. Erreserba Federalak bere pizgarriekin asmatu duen lekuko dira zenbakiak: 2009. urteko urrian %10 baino gehiago zen langabezia tasa; urte horretako San Sebastian egunez hartu zuen presidente kargua Obamak, Lehman Brothersen porrotak eragindako finantzen ekaitza perfektua hasi eta hilabete gutxira. 2009ko martxoan galdutako 826.000 lanpostuek lurrikararen neurria eman dezakete.

Europarekin kontrastean

Bada, bost urte geroago 8,7 milioi pertsona daude langabezian AEBetan, langabezia tasak ia bost puntu behera egin ondoren. 2014an, 1,1 puntu egin du atzera tasak (1,7 milioi). Gazteen langabeziaren datua ez da hain ona (%16,8), baina ez dauka zerikusirik euroguneko zenbakiekin (%23,7). Euroa txanpon gisa daukaten herrialdeetan, %11,5ekoa da langabezia, AEBetan baino bost puntu gehiago.

Baina, bestalde, ezin da ezkutatu Europako Batasunaren barruan ere kontraste handiak daudela: Alemaniak, kasu honetan austeritatearen zaintzaile eta suspertzaile handienak, %5eko langabezia tasa dauka, eta Espainiak %23,9koa. Euskal Herrian, berriz, tasa hori apalagoa da, baina AEBetakoarekin alderatuta dezente okerragoa (%14 ingurukoa, Gaindegiaren arabera).

Erreserba Federalak 37 hilabetez jarraian erosi ditu finantza aktiboak eta hipoteka maileguak Ben Bernanke buru izan dela. Haren ordezkoak, Janet Yellenek, suspertzeko botikaren iturria itxi du (azaroan), pizgarrien ondoren ekonomiaren osasunak sendo jarraituko duelakoan. 2014. urtearen azken bi hilabeteek uste hori zuzena dela iradokitzen dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna