Gutxieneko soldata eta DSBEa lotu nahi dituzte

Eskubide Sozialen Gutunak herri ekinbide legegileak aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, gutxieneko soldata erreferetzia gisa har dadin berriro babes errentetan

Eskubide Sozialen Kartaren martxa bat DSBEaren alde. MONIKA DEL VALLE / ARP.
xabier martin
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gutxieneko soldata eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta lotzeko eskariak beste saio bat egingo du. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak herri ekinbide legegile bi aurkeztuko ditu DSBEaren eta bermatutako errentaren erreferentzia gutxieneko soldata izan dadin, legez; ostiralean, Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute, eta Nafarroako Parlamentuan, egun batzuen buruan. Pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako ekinaldiok «neurri zehatzak» eskatuko dituzte, «gutxieneko sarrerak hobetzeko». DSBEaren eta Bermatutako errentaren erreferentzia berriro gutxieneko soldata izateko eskarian ez du amore eman, beraz, Eskubide Sozialen Gutunak.

ELAk herri ekinbide legegileekiko dituen zalantzak ez zituen ezkutatu, atzo, sindikatu horretako arlo sozialeko arduradun Mikel Novalek, baina tresna horrek hainbat gai «eztabaida politikora eramatea» ahalbidetzen duela esan zuen, «mugak» dituen arren. «Legezko proposamena egingo dugu Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu dezaten». Horretarako, 10.000 sinadura bildu beharko dituzte; Nafarroan, berriz, 5.000. «Gure helburua da kopuru horiek modu nabarmenean gainditzea», esan zuen Novalek.

Parlamentuetako mahaien tramite guztiak gainditu ondoren, Gutunaren kideek uste dute epe bat izango dutela, apirilaren eta uztailaen artean, «kanpaina garrantzitsu bat egiteko». Herri ekinbide legegile horiek ondo esplikatu nahi dituzte Euskal Herri osoan. Gutxieneko diru sarreren errentak hobetzearekin batera, etxebizitzen alokairu soziala edukitzeko «eskubide efektiboa» eskatuko dituzte ekinaldi biek parlamentuetan.

Inflazioaren urte amaierako datuei jarraikiz, DSBEa jasotzen dutenen erosahalmena handitu egin da, baina ordain horren babesak hemezortzi urte egin duela atzera esan daiteke. 2018. urterako DSBEa %1,5 igotzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, eta hazkunde hori finkatu zuten aurrekontuek, abenduaren 22an behin betiko onartuta. Aurreko urtean egin zuen bezala, laguntzaren eguneratzea bere kasa erabaki du gobernuak, nahiz eta legeak ordainaren zenbatekoa gutxieneko soldataren ehuneko gisa arautu.

«Murrizketak lehengoratu»

«Neurri zehatzak eskatzen ditugu gutxieneko soldata erreferetzia gisa berreskura dadin; Legebiltzarrean onartutako legeak horrela jasotzen du, baina aurrekontuen bidez, urtez urte, muzin egiten zaio legeari», azaldu zuen Mikel Novalek. Bakarrik bizi diren pertsonak gutxieneko soldataren %100 jasotzea proposatuko dute Eskubide Sozialen Gutunaren kideek, baita bi kideetako familiek gutxieneko soldataren %150 jasotzea ere. Hiru kide eta gehiagokoek soldataren %200 jasoko lukete, proposamen horren arabera. Azken urteotako murrizketak «lehengoratuko lirateke» modu horretan.

2018. urtean, DSBEaren ordaina gutxieneko soldataren %75 izango da. Ehuneko hori da, hain justu ere, 2000. urtean Gizarte Eskubideen Agiria onartu zenean ezarri zena. 2000. eta 2008. urteen artean, eboluzionatu, eta %88 ere izan zen. Lotura hori hausteak DSBEaren babes maila hemezortzi urte atzera eraman du, eta, gutxieneko soldatan aurreikusi diren igoerak gauzatuz gero, zuloa handituko da.

EH Bilduren proposamena

DSBEarekin lotutako beste proposamen bat egin zuen, atzo, EH Bilduk. Estatuaren pentsio sistemak ez du «bermatzen bizitza duin bat», Maddalen Iriarte koaliziko bozeramailearen ustez, eta Eusko Legebiltzarrean ekinaldi baten berri eman zuen, pentsiodunek KPIa adinako igoera eduki dezaten Jaurlaritzaren ekarpenaren bidez.

Madrilek pentsioak igo dituen «%0,25 iraingarria» gainditzeko,legez besteko proposamena aurkeztuko du EH Bilduk legebiltzarrean. Diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez edota beste hainbat babes tresnaren bidez egin daiteke igoera hori, EH Bilduren arabera. Lau urteren buruan pentsiorik txikienak gutxienez 1.080 eurorenak izatea nahi du koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.