Cabezudo kartzelan sartzeko agindu dute

Epaile aldaketarekin, jarrera berria; aurrekoak bederatzi aldiz ukatu zuen espetxe eskakizuna. Protesta bat egin dute auzitegi aurrean; justizia eskatu dute eta babesa azaldu diete argazkilariaren biktimei
Elkarretaratzea, atzo, auzitegi aurrean.
Elkarretaratzea, atzo, auzitegi aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko maiatzak 5
Bost urte daramatza auzitegietan Kote Cabezudo kasuak. Isil antzean joan da orain arte Donostiako argazkilari horren kontrako auzibidea —modeloen argazkilaria da; argazki erotikoak ere egiten ditu—. Hainbat andreren salaketek eraman dute justiziaren aurrera: besteak beste, sexu abusuak egozten dizkiote, tartean adingabeei egindakoak, eta irudiak zabaltzea baimenik gabe. Hamargarren aldiz eskatu zuen atzo akusazioko abokatuak —zortzi neska ordezkatzen ditu; beste zortzik hasia dute bidea salaketa jartzeko— akusatua kartzelan sartzeko, eta Fiskaltzak ere bat egin zuen eskearekin. Eta baiezkoa izan zen epailearen erantzuna: espetxean sartzeko agindu zuen atzo arratsaldean, baldintzarik gabeko kartzelaldia ezarri zion. Ebazpenaren berri izan aurretik, eguerdian, hedabideetatik ihes egiten saiatu zen aurrena auzipetua. Hainbat pertsonak protesta egin zuten ondoren haren aurrean, eta ondoezik sentitu zen. Erietxera eraman zuten.

Jarrera aldaketa argia da espetxeratzeko agindua; eragile berri batek ekarritakoa. Izan ere, orain arte auzia zeraman epailea baztertuta dago kasutik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak haren kontrako kereila bat onartu zuelako —akusazioak jarria da; auzibideari trabak jartzen aritu dela salatu du sarri—, eta egoera horretan ezin duelako auzian jarraitu.

Lehen aldiz atera zuten atzo plazara, halaber, protesta batean, auzia. Epaitegi aurreko plazan jende talde zabal bat elkartu zen; kasua lehenbailehen argitzeko eskatu zuten, eta, bide batez, biktimei elkartasuna erakutsi nahi izan zieten. Protestan parte hartu zutenen artean, izen ezagun ugari: aktoreak horietako asko. Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Aitziber Garmendia, Teresa Calo, Klara Badiola... Kasuaren larritasunaz jabetuta, orain arte hedabideetan izan duen isiltasunak harrituta, eta denboran asko luzatzen ari dela ikusita, «inprobisatutako» zerbait zela esan zuten, baina elkartzen jarraitzeko asmoa dutela. «Bilatzen dugu biktimei gure babesa erakustea. Eta esan nahi dugu, bost urte igaro eta gero, badela garaia justizia egiteko». Eriz Alberdi aktoreak eta Kote Camacho zinema zuzendariak hartu zuten hitza. Onartu zuten biktimen abokatuak egin dituen hainbat salaketaren harira, edo justu horregatik, «beldurra» dagoela auzi honen inguruan solastatzeko, baina kateak apurtu behar direla. Esan izan du «trama» bat dagoela auziaren inguruan, eta izen «boteretsuak» daudela horrekin lotuta. Elkarretaratzean hainbat biktima zeudela onartu zuten, eta, ororen gainetik, haiei babesa erakutsi behar zaiela.

Biktimak gogoan hartuta

Horrexegatik, ozen mintzatu nahi izan zuten pankartaren atzean jarri ziren hainbat lagunek. Horien artean, esaterako, Junkal Bernardez, gizarte zerbitzuetan lanean jardundakoa. Pankarta hartu nahi izan zuen, oroitzapen mingots batek bultzatuta. Izan ere, bere lan jardunean adingabe bati ikusi zizkion Kote Cabezudok egindako argazkiak; desegokiak. Egoera haren aurrean zer egin ez zuela asmatu dio, eta usu etorri zaiola kezka hori: «Zergatik ez nuen ezer ere egin?». Justiziak taxuz erantzun behar duela uste du.

Teresa Calo aktoreak ere onartu zuen aspaldi zuela argazkilariaren abusuen berri. «Nire lagun baten bidez. Orduan ez zen vox populi, baina konfiantzazko harremana genuen, eta banuen gertatu zitzaionaren berri. Orain badakit salaketa jartzea erabaki duela, eta, horregatik, gertutik jarraitu dut. Oso garrantzitsua da gaia plazara ateratzea. Obskurantismoak ez du batere laguntzen, eta halakoak ezin dira zigorgabe geratu. Geure buruari galdera egin beharko genioke, gainera: zer jazo da gai hau ez ateratzeko? Nik ez dut arrastorik, baina itauna sorrarazten dit. Deus badago, atera dadila. Jakina». Asaldatuta, Aitziber Garmendia ere: «Justizia guztiz patriarkala ikusten ari gara; ezin dugu horrelakorik onartu. Uste dut beldurrak eragin duela orain arteko isiltasuna. Nire kasuan, oraintsu izan dut honen berri, eta biktimak defendatzera nator. Ez dut propio inor ezagutzen, baina beti defendatuko ditut: gaur eta bihar».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna