Errusia jo puntuan, gaitzespen bateratuan

Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak eta AEBek salatu dute «arma kimikoen konbentzioa hautsi» dela. Moskuk iragarri du Erresuma Batuaren aurkako neurriak hartuko dituela erantzun gisa

Jon Ander De la Hoz -

2018ko martxoak 16
Sergei Skripal Errusiako espioi ohiari eta haren alaba Juliari egindako eraso kimikoa gaitzetsi dute Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak eta AEBek. Lau estatuetako gobernuek erasoa «arbuiatu» dute ohar bateratu batean: «II. Mundu Gerraz geroztik agente nerbioso batekin Europan egindako lehendabiziko erasoa da». Erresuma Batuarekin batera oharra sinatu duten herrialdeek adierazi dute Theresa Mayren gobernuak jakinarazi diela «oso litekeena» dela erasoa Errusiaren ardura izatea.

Sinatzaileen arabera, Arma Kimikoen Konbentzioa hautsi du erasoak, nazioarteko zuzenbidearen aurka egiteaz gain: «Erresuma Batuaren subiranotasunari eginiko erasoa da, eta guztion segurtasuna jartzen du kolokan». Hala, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen aurrean Novichok programaren edukia argitu eta «xehetasun guztiak» azaltzea galdegin diote Errusiari.

Martxoaren 4an pozoitu zituzten Skripal eta haren alaba, Salisburyn (Ingalaterra), eta ospitalean daude orduz geroztik, larri. May lehen ministroak astearte iluntzera arteko epea eman zion Errusiari erasoa azaltzeko, baina ez zuen halakorik egin. Erantzun gisa, Erresuma Batuko Gobernuak harremanak eten ditu, eta 23 diplomazialari kanporatu. Antzeko neurriren bat hartuko duela iragarri zuen atzo Errusiako Gobernuak; Sergei Lavrov Atzerri ministroaren arabera, gobernuak «laster» hartuko du erabakia. Antzera mintzatu da gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskov ere. Haren esanetan, erreakzioa laster iritsiko da, baina Vladimir Putinek hartuko du azken erabakia: «Errusiaren interesentzat komenigarriena dena egingo du». Errusiak jakinarazi du erabakia ezagutarazi aurretik Erresuma Batuko Gobernuari jakinaraziko diola.

Bestalde, Skripal pozoitu zuten herrian izan zen atzo Theresa May. Erresuma Batuko lehen ministroak berretsi du Errusia dela «Salisbury ederrean jazotako ekintza tamalgarriaren errudun». Iritzi berekoa da Frantziako presidente Emmanuel Macron ere: «Errusiaren erantzukizuna dela adierazten dute zantzu guztiek; ez dago beste azalpen onargarririk». Macronek azaldu du astea hasi zenetik kasuaz etenik gabe informatzen ari zaiola Erresuma Batuko Gobernua, eta Errusiaren aurkako neurriak iragarri ditu datozen egunetarako.

Skripali eginikoa «eraso larria» da, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergen iritziz: «Tentsioak areagotzen direnean garrantzitsua da eztabaida politikoa mantentzea. Ez dugu beste Gerra Hotzik nahi».

AEBen zigorra Errusiari

Eraso kimikoaren kasuaren erdian, nazioartetik beste buruhauste bat etorri zaio Putini igandeko hauteskundeen bezperan. AEBek atzo iragarri zuten Errusiako bost erakunderi eta hemeretzi pertsonari zigor administratiboak jarriko dizkietela. Eraso zibernetikoen bidez 2016ko presidentetzarako hauteskundeetan esku hartzeko ahalegina egitea leporatuta zigortu dituzte; besteak beste, hauteskunde kanpaina narrasteko sare sozialetan profil faltsuak sortzea egotzi diete. AEBetan dituzten ondasun guztiak blokeatu dizkiete zigortuei, eta estatubatuarrekin hartu-eman finantzarioak izatea debekatu diete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna