Katalunia. Parlamentuaren osaketa

Pauso bat alborantz

Legealdi berria hastearekin, Forcadellek parlamentuko presidente izateari utzi dio. ERCko diputatu gisa jarraituko du parlamentuan

Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Carme Forcadell jada ez da Kataluniako Parlamentuko presidentea, diputazio iraunkorreko mahaiaren azken bilera amaitu ostean utzi zuen kargua, atzo, eta independentistei nork bete erabakitzea kosta zaien hutsune bat utzi du. «Kausa judizialetatik» libre behar du parlamentuko presidente berriak, Forcadellen ustez. Izan ere, Kataluniako Gobernuko kide guztiekin batera, ikerketapean dago prozesu subiranista antolatzeagatik eta aurrera eramateagatik. Fiskaltzak matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egozten dizkio. Halere, eginiko lanaz harro agertu zen kargua berriro ez zuela hartuko adieraztean: «Harro esan dezaket ez garela belaunikatu, ez dugula amore eman, eta irmo eutsi diogula».

Haren aurka irekita dagoen prozesuak bultzatu du albora pauso bat ematera. Azaroaren 9an deklaratu behar izan zuen Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epailearen aurrean, parlamentuko mahaiko beste bost kiderekin batera. Erreferendumerako eta trantsizio juridikorako legeen bozketa onartzearen erabakiak eraman zuen Madrilera. Berez, astebete lehenago egin behar zuten deklarazioa, baina defentsa prestatzeko denbora eskatu zuten akusatuen abokatuek, eta epaileak eman egin zien, Auzitegi Nazionalak kontseilariei ez bezala.

Forcadellek bi ordutik gora igaro zituen galderak erantzuten, eta independentistek gobernuko kideek erabilitako estrategia aldatzea erabaki zutela ikusi zen haren hitzetan. Parlamentuko presidente ohiak akusazioaren eta fiskaltzaren galderei erantzun zien, eta, hedabide batzuek iturri judizialak aipatuz argiratu zutenez, urriaren 27ko independentzia aldarrikapena «sinbolikoa» izan zela adierazi zuten mahaikideek. Horrez gain, Espainiako Konstituzioaren barruan jarduteko hitzeman zuten.

Estrategia juridikoak kontseilariei baino emaitza hobea eman zien mahaiko kideei. Halere, azaroaren 9ko gau hura espetxean igaro behar izan zuen Forcadellek. Epaileak hala agindu zuen, eta ezarritako 150.000 euroko bermea ordaintzean utzi zuten aske. Espetxean sartu zen mahaiko kide bakarra izan zuten: Lluis Guino mahaiko presidenteordea, Lluis Corominas lehen presidenteordea, Anna Simo lehen idazkaria eta Ramona Barrufet laugarren idazkaria 25.000 euroko bermea ordaintzeko baldintzarekin geratu ziren aske, eta Joan Josep Nuet hirugarren idazkaria bermerik gabe aske geratu zen behin-behinean.

Halere, Forcadellek azken egunera arte defendatu du eginiko lana. «Parlamentuan eztabaida librea mantenduz eta parlamentuaren subiranotasuna bermatuz» aritu dela adierazi zuen aurreko astean, eta Ara egunkarian idatzitako iritzi artikulu batean are gogorrago aritu zen bere erabakien aurka egin dutenen kontra: «Kontziente gara hainbat gairi buruz hitz egiteak, eztabaidatzeak eta bozkatzeak molestatzen dien jendea dagoela. Hitz egiteak, eztabaidatzeak eta bozkatzeak molestatzen dien berberak dira».

Ez zaio, ordea, desobedientzia hitza gustatzen. Hala azaldu zuen 2016ko urrian behintzat, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa aurrera eramateagatik epaituak ari zirenen inguruan galdetuta. «Politikaren judizializazioan» laguntzen duela arrazoitu zuen orduan.

Kaletik parlamentura

Forcadell gizarte mugimendutik iritsi zen parlamentura, eta garbi izan du Kataluniarako Errepublikarako bidea jorratzeko lan egin beharra. 2015eko urriaren 25etik 2017ko urriaren 29ra bitartean parlamentuko mahaitik egin zuen, 155. artikulua indarrean jarri arte. Ordutik, mahai iraunkorreko presidente izan da.

Junts Pel Siren zerrendarekin politikara salto egin aurretik ere independentismoaren aurpegi aski ezaguna zen Forcadell. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente izan zen hiru urtez, parlamentuko presidentetza hartzearekin egun preso dagoen Jordi Sanchezek ordezkatu zuen arte. Horrek ere bere aurka egin zuen epailearen aurrean, fiskaltzaren esanetan, ANCko kide gisa igaro zuen garaia kontuan hartu beharrekoa baita.

Horrek guztiak, ordea, ez du politikatik aldentzera eraman, eta gaurtik aurrera ERCko diputatu gisa jarraituko du parlamentuan. Aurretik, ordea, mahai iraunkorraren azken bilera zuzendu du, eta ez lanik izan gabe.

Aulkiak ere eztabaidagai

Atzo goizeko saioan alderdi bakoitzaren eserlekuak zehazten saiatu ziren, baina horrek ere egoera korapilatu du. Alderdi independentistek eta Comukoek parlamentuaren ezkerraldea euren artean banatzea adostu zuten. Azken horiek ICV-EUiAren lekua hartuko lukete berriro, aurreko legealdian lortzen saiatu zirena. Era horretan, Junts Per Catalunyako hainbat diputatu izango lirateke eskuinean kokatu beharko liratekenak.

Alderdi unionistak parlamentuaren eskuinaldean geratuko lirateke, baina ez dira Comukoek eta independentistek adostutakoaren alde agertu. PSCko bozeramaile Eva Granadosek independentisten alde kokatzea egotzi die Comukoei. Horien bozeramaile Elisenda Alamanyk, berriz, «parlamentuaren ezkerra» izan nahi dutela erantzun dio, PSCk «baztertu» duen zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.