Soldadu ohi batek dio «hilketak» ikusi zituela

1971ko abuztuaren 9 eta 11 artean, Erresuma Batuko soldaduek 11 zibil hil zituzten Belfasten, IRAko kideak atxilotzeko operazio batean. Auzitegi bat sarraski horri buruzko testigantzak entzuten ari da iragan azarotik.

Ballymurphyn izandako sarraskia gogoratzen duen murala, Belfasten, artxiboko irudi batean. BERRIA.
ander perez zala
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ikerketa ofizialaren arabera, hildakoak «terroristak» ziren, eta horrek libratu egin zituen Belfasten egon ziren soldaduak; senideentzat, baina, «iraina» izan zen ondorio hori. Bloody Sundayn (Igande Odoltsua) gertatu ez bezala, Belfast mendebaldeko Ballymurphy auzoan ez zen izan ez kazetaririk ez kamerarik, eta inork ez zuen dokumentatu gertaturikoa. 1971ko abuztuaren 9 eta 11 artean, 36 orduko epean, Erresuma Batuko armadaren paraxutisten erregimentuak hamar zibil hil zituen—gerora hil zen beste bat—, Irlandako Armada Errepublikanoko (IRA) kideak atxilotzeko operazio batean. Ordu horietan gertaturikoa argitzeko, auzitegi bat lekukoen testigantzak entzuten ari da iragan azaroaz geroztik, zenbait hilabete iraungo duen prozesu batean; agian, testigantza horiek auzipetzeak erabakitzeko balioko du, 47 urteren ondoren.

Sei hilabeteotan deklaratu duten lekukoen artean, hainbat soldadu ohiren testigantzek hartu dute berebiziko garrantzia. C4 deiturikoarenak, esaterako —71 urte ditu—; adierazi zuen Ballymurphyn «hilketak» ikusi zituela egun horietan. «Ekintza terroristekin zerikusirik ez zuten zibilei tiro egin zieten». Hura ez zen paraxutisten erregimentuko soldadua, baina egun horietan Ipar Irlandan zegoen, familia bisitatzen.

Martxoan, jeneral ohi batek testigantza eman zuen, Geoffrey Howlettek —89 urte ditu—; azaldu zuen bere soldaduek uste zutela «lana ondo» egin zutela 1971ko egun horietan eta «pixka bat kitzikatuta» zeudela, baina «ez hilketengatik». Haren iritziz, Ballymurphy auzoan tiro egin zieten zibilak ez ziren IRAko boluntarioak, baina egun horietako giroa «gerretakoen antzekoa» zen. W97 deituriko lekukoak ere —soldadu ohia— oroitzapen hori du, martxoaren 19an azaldu zuenez; esperientzia «beldurgarri bat» aipatu zuen: «Gure baseari tiro egin zioten, oso gogor. Benetan oso beldurgarria izan zen». Urteotan gogoratzen duenaren arabera, tiroketek «hainbat ordu» iraun zuten.

Adierazpen horien ostean, biktimen senideak haserre agertu ziren entzundakoekin; Ballymurphyn hil zuten Danny Teggarten seme Johnek adierazi zuen «pozik» zegoela Howlettek lekukotza eman zuelako, baina ez zegoela «batere pozik» eman zuen lekukotzarekin. «Mugitzen zen edozer IRAren laguntzailetzat hartu zuten soldaduek». Pat Quinnek honako hau esan zuen —haren anaia Frank hil zuten—: «Eskerrak nire arrebak ez zeudela hemen. Gehiegi izango zen haientzat».

Zibilei dagokienez, egun 82 urte dituen Agnes Keenanek, esaterako, hilaren 4an eman zuen ikusi zuenaren berri: soldaduek emakume baten gorpua «patata zaku bat» balitz bezala altxatu eta mugitu zuten: «Hori nirekin geratuko da hiltzen naizen arte. Beti esaten da hildakoek errespetua merezi dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.